Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak errefusatu egin du Euskaraldian, euskararen aldeko ekimenean, parte hartzera gonbidatzeko proposamena, adierazpen instituzional baten bidez. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak proposatu dute testua. Navarra Sumak aurka bozkatu du, eta PSNk ez du bozkatu nahi izan.
Proposatutako adierazpenaren arabera, Nafarroako Parlamentuak Euskaraldia ekimena agurtu eta euskara ulertzen duten herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu nahi zituen.
Gaztelania komunikazio-hizkuntza izateari buruzko iritzia eman dezaten nahi du Navarra Sumak
Navarra Sumak mozio bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuak gaztelania komunikazio-hizkuntza izateari buruzko jarrera har dezan. Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak azaldu duenez, mozioa Kongresuan izapidetzen ari diren etorkizuneko hezkuntza legeak eta PSOE, Podemos eta ERCren arteko akordio batek eragin dute: "Akordio horretan espainiera mespretxatzen da, jada ez baita komunikazio-hizkuntza, eta espainieraz hitz egiteaz harro sentitzen garen herritar guztien aurkako eraso jasanezina da”.
"Nafarroan ohituta gaude euskara leku guztietan modu sektario eta baztertzailean inposatzen saiatzera, Nafarroako toki batzuetan gaztelaniaren presentzia minimizatzen saiatzera, eta taldeak kokatzea nahi dugu. Ikusiko dugu zer egiten duen PSNk, beste behin Madrilgo politiken edo politika nazionalisten jarraipena egiten duen ", esan du.