Iruñeko Udalak jarraituko du bertsolaritza-eskolak eskaintzen ikastetxeetan, behin Tokiko Gobernu Batzarrak Nafarroako Bertsozale Elkartearekiko kontratuaren hirugarren luzapena onetsita. Aurtengo ikasturterako 40.000 euroko gastua onetsi da, aurreko edizioetako kopuru bera. Ekimenaren bidez bertsolaritzaren oinarrizko teknikak ezagutarazi nahi zaizkie ikasleei, eta ahozko adierazpena landu.
Iruñeko ikastetxe publikoetako D ereduko 5. eta 6. mailetako ikasleak dira programaren hartzaileak. Aurreikusitakoarekin bat, ikasturte honetan San Francisco IP, Etxepare IP, Patxi Larrainzar IP, Mendigoiti IP, Amaiur Ikastola, Buztintxuri IP, Elorri IP, Hegoalde Ikastola eta Sanduzelai IPko talde batzuek parte hartuko dute.
Ahozko adierazpena eta komunikazio- zein gizarte-trebetasunak lantzea
Nafarroako Bertsozale Elkarteko lau irakasle espezialista arduratuko dira bertsolaritzaren hasi-masiak irakasteaz eta batik bat ahozko adierazpena lantzeaz, komunikazio- zein gizarte-trebetasunak ere jorratuz. Talde bakoitzak saio bat jasoko du astean, irakasleetako baten eskutik, eskola-orduen barruan eta 15 ordu bete arte.
Bertsolaritzari lau arlotatik heltzen zaio: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonal zein sozialak. Programaren oinarria ‘Mundu bat bertso’ liburuak, bideoek, audioek eta www.bertsoikasgela.eus webgune berriak osatzen dute; webgunea (jolasak, ariketak, bertsoak...) baliabide-liburutegia da eskolak emateko.
Programa ikas-mailaren arabera egokitzeko aukera
Bertsolaritza irakaskuntzan programarekin bertsolaritzaren oinarrizko printzipioak ezagutarazten dira (historia, doinuak, metrikak, errimak...) ariketa eta jolasen bidez, eta bertsoak idazten zein bat-batean kantatzen dira. Testuingurua ludikoa izaten da beti, eta hizkuntzaren erabileran sakontzen da, hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak ardatz harturik. Hori horrela, proposatutako ariketen bidez gaitasun ugari lantzen dira (Lehen Hezkuntzako curriculumean aipatuak): ahozkotasuna, talde-lanean aritzeko gaitasuna, norberarekiko konfiantza, sen kritikoa, ekimena, interesa, sormena eta lanak jendaurrean azaltzeko gaitasuna, besteak beste.
Oraingo osasun-egoera kontuan harturik, Nafarroako Bertsozale Elkarteak lan egiteko modu alternatiboa diseinatu du, programa aurrez aurre ezin bada egin hura ematen segitu ahal izateko. Izan ere, Bertsoikasgela.eus atariak honako material hauek jartzen ditu ikasleen eskura: 150 bertso musikalizaturik –bereziki haurrei zuzenduak–, lehen mailako bertsolarien 150etik gora bertso bideoan, hizkuntza-jolasak eta -ariketak pantailatik egiteko, eta 50 fitxa baino gehiago, etxean bertsoak osatzeko. Horren guztiaren osagarri, irakasleek zuzeneko harremana edukiko dute ikastetxeekin, ikasleek etxean lanak egin ditzaten.