Mendillorriko, Antsoaingo eta Ermitagañako osasun etxeak irekiko dituzte asteburuetan

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 28a, 13:34

Zentro horietan, "Coviden bat-bateko sintomak dituzten pertsonak artatuko dira, eta dagoeneko diagnostikatutako kasuen jarraipena egin ahal izango da". Asteburu honetan hasiko dira asteburuko arreta eskaintzen, goizez.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak Mendillorri, Antsoain eta Ermitagañako osasun zentroak irekiko ditu asteburuetan, Covid-19ak eragindako krisiaren aurrean osasun arreta indartzeko. Osasun etxeak asteburu honetan bertan irekiko dira eta goizez izango dira. 

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak adierazi duenez, helburua "herritarren irisgarritasuna hobetzea da". Zentro horietan, "Coviden bat-bateko sintomak dituzten pertsonak artatuko dira, eta dagoeneko diagnostikatutako kasuen jarraipena egin ahal izango da".

Asteburuetan, Mendillorri izango da erreferentzia, Iruñeko auzo honentzat ez ezik, Sarriguren, Aranguren, Atarrabia, Burlata, Bigarren Zabalgune, Arrosadia eta Azpilagañarentzat ere.

Ermitagañako osasun zentroak Zizur-Etxabakoitz, Barañain, Iturrama, Donibane eta Alde Zaharra hartuko ditu, eta Antsoaingo zentroak gauza bera egingo du herri horrekin eta Arrotxapearekin, Txantrearekin, Buztintxurirekin eta Berriozarrekin.

Indurainek azaldu duenez, Iruñerrian arreta indartzea erabaki dute, "Positiboen kontzentrazio handiagoa dela eta, gaur kasuen % 60 aurkeztu baitituzte".

Ospitaleetan, Nafarroako Osasun Zerbitzuak espazio eta baliabide berriak prestatuko ditu Covid-19ko pazienteak hartzeko, eta premiazkoa ez den kirurgiaren "gutxieneko" zati bat desprogramatuko du, Covid pazienteentzako kritikoen postuetan beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak askatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!