Udalak euskararen aurka hartutako erabakiak gaitzetsi ditu Iruñeko euskalgintzak

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 28a, 13:17

Euskara sustatzeko proiektuentzako diru laguntzak %20 murriztu ditu aurten Navarra Sumaren udal taldeak. "Euskararen kontrako oportunismo hutsa" dela salatu dute euskararen aldeko eragileek.

Iruñeko euskalgintza osatzen duten eragileek "irmoki" salatu dituzte Iruñeko Udalak euskararen aurka hartutako erabakiak. "Pasa den urteko abenduan onartu zuten ordenantzak argi utzi zigun Iruñeko Udala ez zegoela euskara bertoko hizkuntzatzat sustatzearen alde, ezta Iruñeko herritar guztien hizkuntza eskubideak behar bezala bermatzearen alde ere", adierazi dute ohar bidez.

Udalak "jarrera euskarafoboa" erakutsi duela uste du euskalgintzak, eta euskararen sustapenerako proiektuentzako diru laguntzen murrizketa salatu dute. "Urriaren 20ko Iruñeko udalbatzan berretsi zuten bezala, esleitu ziren 90.000 euroek %20ko murrizketa izango dute deialdi berrian (18.000 euro). Berez eskasa den partida are txikiagoa eginda hizkuntza desagertzea eragin nahi dute agintariek".

Murrizketa "euskararen kontrako oportunismo hutsa" dela iritzi diote. "Egoera koiuntural bat probestuta, inongo argudio eta irizpide objektiborik gabe gelditu egin nahi dute euskararen sustatzea. Euskara bultzatu nahi bada, eragile ezberdinei baliabide zein laguntza bereziak eskaini egin behar zaizkie, eta ez kendu".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!