Euskarazko plazak betetzera deitu du haur eskola euskaldunen aldeko plataformak

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 22a, 14:49

Iruñeko Udalak ez ohiko deialdia egin du haur eskola publikoetan matrikulatzeko. Abendura arte egonen da zabalik epea.

Aurten, COVID-19 izurriteagatik, aurreko urteetan baino eskari txikiagoa izan da haur eskoletan eta hainbat hutsune geratu dira bete gabe. Horregatik zabaldu da berriz ere matrikulazio epea.

Haur eskola euskaldunen aldeko plataformatik euskarazko plazak betetzera deitu dituzte herritarrak. Aurretik itxaron zerrendan gelditu edo gertuko eskaintzarik ez edukita etsituta erderara jo zuten gurasoei egin diete dei berezia. Gogoratu dute, ez ohiko deialdi honetan ez dagoela baremaziorik: Eskaerak iristen diren heinean joanen dira hutsuneak osatzen.

Matrikula 4 hilabete beteta duten umeetatik aurrerakoentzako egin daiteke. Haur Eskolak Euskaraz taldeak azaldu duenez, Izartegi eskolan ditikoen talde bakarra sortu dute eta ez dute bigarrena sortzeko intentziorik, eskaera ez dagoela argudiatuz. Murgiltze eredua duen bakarra denez, garrantzitsua deritzote interesa duten gurasoek matrikula egitea, bigarren taldearekin euskarazko beste hamar plaza lortu daitezkeelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!