Iruñeko Udalak sexu jazarpenaren aurkako protokoloa eguneratu du

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 21a, 10:08

Iruñeko Udaletxeko eraikina.

Besteak beste, jokabide “arinaren” kalifikazioa kendu dute, eta sexu jazarpeneko ekintza oro hutsegite larria edo oso larria izango da, indarrean den araudiaren jarraibideen arabera.

Iruñeko Udalak sexu jazarpenaren aurkako Prebentzio eta Jarduera Protokoloaren testua eguneratu du, onartutako araudi berrietara egokitzeko; izan ere, zazpi urte igaro dira protokoloa indarrean jarri zenetik.

Protokoloa 2013koa da, eta bi urtean behin edo hiru salaketatan behin berrikusi behar da, betiere lege-aldaketak edo ezagutza teknikoetan hobekuntzak gertatzen badira, Udalak ohar batean jakinarazi duenez.

Hala, berritasun nabarmenen artean, azken urteetan honako batzuk onartu dituzte, tartean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko foru legea, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka jarduteko foru legea eta berdintasunerako udal ordenantza bera.

Berrikusitako testu berriak “informala eta formala” deitzen ziren prozedurak aldatu ditu, kexa edo salaketa bat jartzea zer izango litzatekeen bereizteko. Gainera, jokabide “arinaren” kalifikazioa kendu dute, eta sexu jazarpeneko ekintza oro hutsegite larria edo oso larria izango da, indarrean den araudiaren jarraibideen arabera.

Arau eguneratuak, halaber, konfidentzialtasun mekanismoak hobetu ditu, eta prozesuaren irudikapen grafikoa sinplifikatu du, udaleko langileen artean hobeto zabaltzeko eta argitzeko xedearekin.

Tokiko gobernu batzarrak joan den astean onartu zuen eguneratzea. Protokoloaren berrikuspena onartu ondoren, prestakuntza saioak egingo dituzte hura bultzatzeaz arduratzen diren organoekin, eta hedapen ekintzak, udal plantillaren artean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!