Osasun departamentuak "gaur gaurkoz" ez du Iruñea itxiko

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 15a, 14:46

Nafarroak 400 kasuen langa gainditu ditu. Atzo 3.519 PCR egin ziren eta, 444k eman zuten positibo. Sei pertsona zendu dira azken orduetan koronabirusarekin.

Osasun kontseilari Santos Indurainek azaldu duenez, asteazken honetan 3.519 PCR proba egin dituzte, hau da, positibotasun tasa %12,6koa izan da. Gainera, Covid-19k eragindako bost heriotza erregistratu ziren, 83, 84, 91, 92 eta 94 urteko pertsonak, eta aurreko egunean, 89 urteko beste heriotza bat izan zela jakinarazi zen.

Zonaldeka, Iruñerrian positiboen %67 erregistratu da, Tuteran %15 eta Lizarran %4. Gainerako positiboak (%14) Nafarroako beste eremu batzuetan daude. Iruñeko egoerari dagokionez, sailburuak baztertu egin du bere konfinamendua. "Gaur egun ez da hori egoera, baina ebaluazioa dinamikoa da, etengabea, adierazleen bilakaeraren araberakoak", gaineratu du. Era berean, baztertu egin du une honetan beste herriren bat konfinatzea, Zarrakaztelutik eta Cadreitatik aparte, baina ohartarazi du "eboluzioaren arabera" egin daitekeela.

Osasun kontseilariak azpimarratu duenez, "bigarren olatua indar handiz sartu da leku guztietan, baita Nafarroan ere, egoera zail batetik abiatu baikinen". Halaber, ohartarazi duenez, "kasuen etengabeko gorakadaren ondorioz, datozen egunetan ospitale-sisteman izan dezakeen eragina aurreikusita kudeatu behar da". Nafarroako ospitale-sarean 272 pertsona daude Covid-19rekin ospitaleratuta, horietako 35 ZIU postuetan eta 42 etxean ospitaleratuta. Gainerakoak, 195 paziente, plantan daude. Santos Indurainek aitortu du ospitaleetan, Nafarroako asistentzia sistema osoan bezala"tentsioa" dagoela, "kasu askok sarea tenkatzen dutelako eta gora egiten ari direlako".

Santos Indurainek azaldu duenez, une honetan 82 profesional ari dira bilaketa lanetan, Defentsa Ministerioko 30 profesionalez gain. Horiez gain, Nafarroako Osasun Zerbitzuko 110 profesionalek txandaka lan egiten dute, eta datozen egunetan beste 30 profesional sartzea aurreikusten da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!