Pandermiaren ondorioz geldirik egon ostean, ekainean berrekin zion jarduerari Pamplonesa musika bandak. Ekaina eta iraila bitartean 17 kontzertu eman zituen, eta oraingoan, agertoki berezi batera igoko da: Gaiarre antzokira.
Bi kontzertu emango ditu urrian, lehena ostiral honetan, Musika eta hitza izenburupean, eta bigarrena hilaren 25ean, Aire Latinoak izenekoa.
Ostiraleko kontzertuan musika eta hitza fusionatuko dituzte: Jesus Garisoainen batutapean, bost poeta nafarrek pandemiaren garaiko hausnarketetatik abiatuta sortutako olerkiak errezitatuko dituzte, Pamplonesaren musikarekin batera. Olerkariak Itziar Ancin, Marina Aoiz, Isabel Hualde, Iosu Moracho eta Pedro Rodriguez izango dira.
“Ilusioz” daude, haiek ere berriro errezitatu ahalko dituztelako beren olerkiak, eta gainera, bandaren musikarekin batera, beren hitzek “beste indar bat” hartuko dutelako.
Bigarren hitzorduan, hilaren 25ean, Vicent Egearen gidaritzapean, eta Javier Eguillor bakarlariarekin batera, 42 musikarik Latinoamerikako erritmoekin osatutako kontzertu bat eskainiko dute. Egearen esanetan, entzuleek “ezingo diote eutsi mugitzeko gogoari”.
Egungo testuingurura egokitzea zailtasunez betetako prozesu bat izan dela aitortu du Pamplonesako zuzendariak, eta kontzertu bakoitza programatzea “odisea baten gisakoa” dela. Edonola ere, lortu dute, eta pozik daude, eskaintza erakargarri batekin, beste behin, kultura segurua dela erakutsiko dutelako.