Iruñea zerutik begiratzeko bideoa osatu du Arkitektoen Elkargoak

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 5a, 16:18

Gaur, urriak 5, arkitekturaren munduko eguna da, eta ospatzeko. Arkitektoen Elkargoak zenbait jarduera antolatu ditu aste honetarako. 

Arkitektura on baten garrantzia ospatzeko eta erakusteko egiten dute urtero Arkitekturaren Eguna; bereziki, 2030 agendaren irizpideei lotutako eraldaketa baten garrantziaz kontzientziatzeko. Hala adierazi du Ioar Cabodevilla arkitektoak Metropoli Forala saioan.

Urtero, arkitekturaren egunarekin eta astearekin bat eginez, bisita gidatuak antolatzen dituzte Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Iruñeko egoitzan; aurten, ordea, ezinezkoa izango da halakorik antolatzea, eta horren ordez, bideo bat prestatu dute. 

Elkargoaren egoitzan grabatutako irudi ikusgarriekin, bisita gidatu bat egiten dute bideoan, Iruñaren historia azalduz. Eta, hain zuzen, Ioar Cabodevilla da bideoan gida lana egiten duena.

Bideoa ez ezik, beste zenbait jarduera ere antolatu dituzte aste honetarako: Sadar futbol zelaiko lanen bisita bat, Carlos Canovas argazkilariaren XL liburuaren aurkezpena, arkitektura eskolara bisita, Foruen plazako egileei omenaldia, eta Manolo Blasco arkitektura irakaslearen hitzaldia.

Egitaraua zein bideoa, arkitektoen elkargoaren webgunean daude ikusgai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!