Biolinista Libanon armeniar etniako familia batean sortu zen, 1968an, eta Madrilen bizi da aspaldiko urteotan. Aitak biolina ikasten lagundu zion, eta nahiz eta gerra zibileko garai gogorrak izan, ikasten jarraitu zuen. Bere lehen kontzertu garrantzitsua 12 urterekin egin zuen eta 14 urterekin orkestra bateko zuzendari ibili zen. Hans Herbert-Jöris orkestra zuzendariak bere gaitasunak ikusita, beka bat eman zion Hochschule für Musik und Theater Hannover-en ikasi ahal izateko, Alemanian. 15 urterekin kontserbatorio horretan zegoen ikasle gazteena zen. Geroago, Londresko Guildhall School of Music & Dramara joan zen, ikasketak jarraitzeko. Horrez gain, mundu osoko musikari entzutetsuak izan ditu irakasle, hala nola Franco Gulli, Ruggiero Ricci, Ivry Gitlis, Herman Krebbers edo Alban Berg Quartet. Euskal Herrian Kepa Junkerarekin musika emanaldiak eskaini izan ditu.
Izen bereko ikuskizuean oinarrituz sortu zuen Royal Garage diskoa, maiatzean, formatu fisiko zein digitalean. Diskoa, artistak berak dioenez, orain arte konposatu duen guztia ez bezalako lana da. Izan ere, kantuan entzungo dugun lehen aldia izango da, berak jarriko baitio ahotsa kantuetako bati. Royal Garage CD bikoitzeko album bat da, non biolinistak bere karreran zehar bere estiloan eta bihotzan arrastoa utzi duten hiri handietako garajeetatik ibilbide bat egiten duen. Beste hainbat artistaz inguratzen da lanean, tarteaj Bunbury, Kase o, Franco Battiato, Serj Tankian, Pablo Milanes eta Andres Calamaro. Lagun horiekin, ohiko intentsitate eta sentsibilitatea emango dio biolinari.
Bere azken diskoko lanak ere eskainiko ditu Malikianek gaurko kontzertuan, The Incredible Story of Violin lanekoak, hain zuzen ere. Nafarroa Arena pabilioiko ateak 20:00etan ireiko dituzte.