Larunbatean estreinatuko du Maialen Diazek 'Ilargiaren atzean' antzezlana

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 30a, 13:14

Udalak eta NAEk antolatzen duten Haurrendako antzerki testuen lehiaketako irabazlea izan da Diaz. Emanaldia 18:30ean hasiko da, Nafarroako Antzerki Eskolan, eta sarrerak salgai daude, 6 euroan

Ahizpa bat eduki nahi duen neska baten istorioa da. Bere nahia lortzeko Ilargiaren eta iratxo txiki batzuen laguntza bilatuko du. Horra Maialen Díazen “Ilargiaren atzean” antzezlanaren sinopsia, 2019ko Haurrendako Euskarazko Antzerki Testuen Lehiaketako sariduna. Larunbatean estreinatuko da, Nafarroako Antzerki Eskolan. Saioa 18:30ean hasiko da Nafarroako Antzerki Eskolan, eta sarrerak 6 euroan eskuratu daitezke leihatilan zein www.laescueladeteatro.com webgunean. Bost lagunek edo gehiagok osatutako taldeek 5 euroan erosten ahalko dituzte, baina bakarrik leihatilan.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak hiru hamarkada daramatzate Haurrendako Euskarazko Antzerki Testuen lehiaketa antolatzen, gaztelaniaz zein euskaraz, helburu hartuta haurrei zuzendutako dramaturgia sustatzea, antzerki garaikidea sendotzen eta bultzatzen laguntzea eta haurtzarotik antzerkigintzaren aberastasun kultural eta artistikoa handitzea. Lehiaketa irabaztearen ospeaz gain, sariaren barruan obraren ekoizpena ere sartzen da, antzezlana taula gainean antzezteko.

Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari María García-Barberena, ikuskizuneko zuzendari Virginia Cervera, ekoizpenaren koordinatzaile María Sagües eta Izaskun Mújika aktorea arduratu dira gaur goizean obra aurkezteaz, zeina gaur egun halako ekitaldietan beharrezkoak diren prebentzio- eta segurtasun-neurri guztiak hartuta eszenaratuko baita. Normalean euskarazko modalitatean saritutako lanaren estreinaldia Aste Santu partean izan ohi zen, baina aurten, COVID-19aren osasun-krisia dela-eta, urrira arte atzeratu da.

“Ilargiaren atzean” obrak Ilazkiren istorioa kontatzen du, nahiko lukeena baino denbora gehiago bakarrik pasatzen duen 7 urteko neska. Horregatik, bere ‘bakardadea’ jolas lagun batekin partekatu nahiko luke, ahizpa batekin hain zuzen ere. Bere ama lanpetuta dabil beti eta ahizpa bat balu, bakarrik igaro behar izaten duen denbora errazagoa eta dibertigarriagoa izanen litzatekeela uste du neskatoak. Ilargiaren eta mamurroen laguntzaz, Ilazkik bere desioa betetzea lortzen du eta ia-ia hutsetik, Hilal azaltzen da, ahizpa bat, ama bat, familia bat behar duen neskato bat... Virginia Cerverak zuzendu du muntaketa eta aktoreak Sofía Díez, Patricia Enériz, Izaskun Mujika, Mónica Torre eta Virginia Cervera bera dira.
 

Dramaturgoa, aktorea eta irakaslea
 

Maialen Díaz aktorea da, dramaturgoa eta Lehen Hezkuntzako irakaslea. Interpretazioa ikasi zuen Nafarroako Antzerki Eskolan, eta ingeleseko espezialitateko Lehen Hezkuntzako Irakasle-ikasketa gradua lortu zuen, baita Goi mailako Antzerki-ikasketetako masterra ere. Gainera, genero-perspektiba duen idazketa-performatiboan diplomaduna da eta antzerkian prestakuntza akademikoa jaso du William Layton antzerki-laborategian.
 

Arte-esparruan duen esperientziari dagokionez, aktorea izan da hainbat obratan: All cats are beautiful, Se me ha quedado un cuento enredado en la boca, El embrujado eta El placer es nuestro/Plazera gurea da. Dramaturgo-lanak ere egin ditu (La casa más pequeña, Herrimin eta Greta liburuzaina). Horrez gain, DBH eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako hainbat antzerki-lantegi eman ditu.

Epaimahaiak nabarmendu zuen “Ilargiaren atzean” lanaren idazkera aberatsa, ongi garatutako istorioa, ongi itxita dagoela eta oso biribil geratzen dela. Halaber, haurrei zuzenduta dagoen trama oso ongi ulertzen dute ikusleek, eta oso modu politean adierazita eta garatuta dago. Horri guztiari antzeztu eta eszenaratzeko erraztasuna gehitzen zaio, muntaketak ez duelako ia zailtasunik.

 

“Ilargiaren atzean”, Maialen Díaz

  • ESTREINALDIA
    • “Ilargiaren atzean”. Urriak 3, larunbata. 18:30. Nafarroako Antzerki Eskola
    • Sarrera: 6 euro, www.laescueladeteatro.com-en eta NAEko leihatilan. Bost lagunek edo gehiagok osatutako taldeak: 5 euro, bakarrik leihatilan.
  • FITXA TEKNIKOA
    • Egilea: MAIALEN DÍAZ
    • Zuzendaria: VIRGINIA CERVERA
    • Aktoreak: SOFÍA DÍEZ, PATRICIA ENÉRIZ, IZASKUN MUJIKA, MÓNICA TORRE ETA VIRGINIA CERVERA
    • Ekoizpena: NAFARROAKO ANTZERKI ESKOLA. MARÍA SAGÜÉS
    • Antolatzailea: IRUÑEKO UDALA ETA NAFARROAKO ANTZERKI ESKOLA

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!