900 ikaslek baino gehiagok hasiera emanen diote gaur ezohikoa izango den ikasturte bati Iruñeko Joaquin Maia musika eskola publikoan. Birusaren hedapena saihesteko kontingenzia planari eta azken asteotan urruntze soziala betetzen dela bermatzeko egin den lanari –ikasgelak, pasabideak eta eremu komunak egokitu dira– irakasleek eginen duten harrera lana gehituko zaie. Izan ere, lehen egunetan ikasleak gidatu eta lagundu eginen dituzte eskolak martxan jarritako segurtasun neurriak eta eguneroko funtzionamendu berria ezagutu dezaten.
Gaur arratsaldean ekingo diote 2020-2021eko ikasturteari musika eskolan, musika-hizkuntza eta koruko eskolekin, bigarren zikloko musika tresnez gain. Irailaren 25etik aurrera lehen zikloko musika tresnbetako eskolak hasiko dira, eta jada urrian, bigarren zikloko taldeak. Lehen zikloko taldeak beranduago abiatuko dira, eta kanpoko ikasleak banda eta orkestratan ere aurrerago hasiko dira. Kontzertuak eta entzunaldiak, momentuz, etenda daude.
Aurten 118 ikasle gehituko zaizkie iaz jada Joaquin Maia udal musika eskolan ikasten ari ziren 790 ikasleei, horrek eskaintzen dituen ikasgai multzo zein taldeetan. Musika irakaskuntza arautu gabeko irakaskuntza ofizialtzat hartzen da.
Iruñeko Udalak azaldu duenez, musika eskolako ikasgela guztietan bereizketa bat markatu da irakaslearen eta ikasleen eremuaren artean, eta puntu bat finkatu da zeinetik ikasleak bere instrumentua jotzen ahalko baitu. Modu horretan distantzia neurriak betetzea bermatuko da. Ikasgela bakoitzean, halaber, gel banagailu bat eta desinfektatzailea eta papera egonen dira, irakasleak eskola bitartean erabiltzen diren elementu guztiak garbitu ahal izateko. Eskolen artean ikasgelak aireztatuko dira eta bakarrik irakasleek eta zentroko langileek manipulatu ahal izanen dituzte ate, leiho eta argi-etengailuak. Halaber, zentroko erabiltzaileek maskara jantzita eraman beharko dute eraikinean dauden bitartean. Eskolako espazio guztietan igotzeko zein jaisteko ibilbideak markatuta egongo dira, baita edukiera mugak itxaron geletan ere.
Eskolak dudasplanescuelamusica@pamplona.es helbide elektronikoa jarri du guraso eta ikasleen eskura, dauden zalantzei erantzun ahal izateko.