XX. mendean nazioartean proiekzio handienetarikoa izan zuten bi emakumezko nafarrak izan ziren Josefa (Pepita) eta Elisa Uriz Pi ahizpak. Pepita 1883an jaio zen, Badoztainen, eta Elisa, hamar urte geroago, Tafallan, baina Euskal Herritik kanpo nabarmendu ziren.
Heziketaren eta gizartearen alorrean aritu ziren, haurren eta emakumezkoen eskubideen aldeko borrokan, batik bat; baina duela gutxira arte haien istorioa ezezaguna zen. 2013an jaso zuten lehenbiziko omenaldia, eta, ordutik, lan handia egin da haien istorioa ezagutarazteko.
Azken urratsa da Planetarioan zabaldu duten erakusketa. Proposamen horrekin, bi emakume horien lana aitortzen eta zabaltzen jarraitu nahi dutela nabarmendu du Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak.
Uriz Pi ahizpek konpromiso politiko handia izan zuten. Bigarren Errepublikan ardura karguak hartu zituzten, eta geroago, Frankismotik ihesi, borroka antifaxistan jardun ziren. Euren militantziarengatik errepresioa pairatu zuten, ordea: Frantziatik kanporatuak izan ziren, eta Alemanian erbesteratze luze bat bizi izan zuten.
Irisgarritasuna
Planetarioan ikusgai dagoen erakusketan argazkiz eta testuz osatutako 36 informaizo panel ikus daitezke, eta gainera, berezitasun bat du: irisgarritasun unibertsalaren irizpideekin egin dute.
Erakusketak 2013an du jatorria, Manuel Martorellek osatutako erakusketa txikiago batean. Orain, Nafarroako Memoriaren Institutuak berritu du proposamen hori, eta urte hasieran aurkeztutako erbestearen inguruko programa batean txertatu du, 1936ko kolpeak utzitako ondorioak erreparatzeko bidean beste urrats bat egiteko. Erakusketa urriaren 17ra arte egongo da zabalik.