Herenegun Calviño ministroak esan zuen Nafarroan jada martxan zela. Eta egia zen. Nafarroan aplikazioa martxan izanez gero jada kontaktuak artxibatzen ditu. Baina positiboen inguruko mezuak astelehenetik aurrera zabalduko dituzte.
Lehenik eta behin, Radar Covid eraginkorra izan dadin, aplikazioaren erabilpenak masiboa izan behar duela azpimarratu du Santos Indurain Osasun kontseilariak.
Funtzionatu ahal izateko herritarren %10ek instalatu behar du. %20arekin jada eraginkortasun nabarmena dauka, eta %30era iristea da erronka, horixe baita molde honetako aplikazioa hobekien darabilen lurraldeak, GHego Koreak, duen erabilpen maila.
Aplikazioa dagoeneko sakelakora jaisteko eskuragarri dago, musu truk, Android zein IOS edo AIOS sistemetan.
Bluetooth bidez, inguru gertuan suertatzen diren aplikazioaren beste erabiltzaileak atzematen ditu. Eta datuak zazpi egunez gordetzen ditu eta anonimotasuna bermaturik dago.
Radar Covidek Facebookek, Tik Tokek eta antzeko aplikazioek baino askoz baimen gutxiago eskatzen dituela nabarmendu du kontseilariak.
Aplikazioaren erabiltzaile batek positibo ematen badu, eta Osasunbideari horren berri ematen badio, kode bat emanen zaio.
Kode hori aplikazioan sartuz gero, aplikazioak berak bi metro baino gutxiagora 15 minutu baino gehiago eman dituzten gainontzeko erabiltzaileei mezua bidaltzen die, horretaz ohartarazteko.
Mezuarekin batera link, esteka bat iritsiko zaie. Eta link horren bidez osasun arduradunekin harremanetan jartzeko hiru bide eskainiko zaizkio:
Telefonoa, galdetegia eta osasun karpeta pertsonala.
Egokiena, osasun karpeta pertsonala erabiltzea dela esan dute, eta hori zabaltzeko eskatu diete herritarrei.
On line egin daiteke, zertifikatu digitalarekin, edo NAN zenbakia, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia emanez. Osasun Etxean aurrez aurre ere tramita daiteke karpetaren irekiera. Hori eguerdiko ordu batetik aurrera egiteko gomendatu dute, jende pilaketak ekiditeko.
Karpetak Covid 19ari buruzko informazio ajasotzeko ez ezik, Osasunidearekin hitzorduak eta bestelako tramiteak kudeatzeko balio du, baita norberaren osasun historiala eskura edukitzeko ere.
Radar Covid aplikazioari buruzko azken ñabardura bat: gaztelaniaz eta euskaraz dago eskuragarri soilik.
Aliakzioa Espainiako Gobernuak garatu du, besteak beste, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Cigudosak berak esan duenez, apirilaren 15etik ari dira harremanetan. Deigarria da orain arte ez jabetu izana euskararen aferaz.