Nafarroako Gobernuak kirola segurtasunez egitera animatzeko kanpaina abiatu du

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 4a, 13:27

 ‘Hoy toca – Gaur bai’ horixe da ariketa fisikoaren bitartez nafarren osasuna eta ongizatea hobetzea helburu duen kanpainaren goiburua. Urrian abian jarri nahi dituzte haur eta gaztetxoentzako Kirol jokoak. 

Rebeca Esnaola, Nafarroako Gobernuko Kirola eta Kultura kontseilariak adierazi duenez, kanpaina abiarazi dute ziur daudelako kirolean jardutea eta ariketa fisikoa egitea inoiz baino beharrezkoagoa dela.

Martxotik ari dira Nafarroako Kirolaren Institutua eta Osasunbidea elkarlanean kirol jarduerak berriz abian jartzeko maila guztietan eta udan zehar kirol elkarteek eta kirol taldeek eginiko lana nabarmendu nahi izan du Miguel Pozueta, Nafarroako Kirolaren zuzendari kudeatzaileak.

Orain dena ari dira zehazten ikasturte berriari begira. Bilera anitzeko egunak dira hauek: datorren astean Estatu mailako kiroletako protokoloa zehaztuko da eta hemen Nafarroan datorren astetik aurrera federazio guztiekin solas eginen dute Kirol Jokoan urrian abian jartzeko.

Miguel Pozuetak zehaztu duenez oso beharrezkoa ikusten dute haur eta gaztetxoei kirola egiteko aukera ematea segurtasun esparruetan.

Eta kontu bat argitu nahi izan du Miguel Pozuetak: hezkuntza departamentutik esan zen orduz kanpoko eskola jarduerarik ez zutela egin behar eskoletan eta jende askok ulertu du kirolik ez dela egonen, baina hori ez da hórrela. Ikastetxeek ez dute antolatuko halakorik baina bai guraso elkarteek eta kirol taldeek. Orain protokoloak zehazten ari dira eta agian hasieran entrenamenduak talde txikitan eginen dira, aldagelak ezin izanen dituzte erabili eta seguruenera ikuslerik ez da izanen areto barneko konpetizioetan. Halakoa neurriak ari dira aztertzen, baina lehentasuna da kirola martxan jartzea eta hiritar guztiak kirola eta ariketa fisikoa egitera animatzea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!