Santos Indurain Osasun kontseilariak parlamentuan eginiko agerraldian azaldu du irailetik aurrera neurri berriak hartuko dituztela, lehen arretako aurrez aurreko kontsultetara itzultzen hasteko: denborak eta ordua hartzeko prozedurak egokituko dituzte. Aldi berean, gaixoen arretarako administrazioko langileak formakuntza jasotzen hasiko dira irailean.
Azken hiruhilekoan, ekainetik abuztura, nabarmen jaitsi da aurrez aurreko arreta Osasun Etxeetan: guztia 368.000 lagun artatu dituzte, joan den urteko epe berean baino %55 gutxiago. Aldiz, telefono bidezko artatzeek nabarmen egin dute gora: 749.888 izan dira, joan den urtean baino %255 gehiago.
Indurainen datuen arabera, osasun etxera deitzen duten herritarren %80 24 orduan artatzen dituzte aurrez aurre edo telefonoz.
Hitzorduen agenda arintzea da helburuetako bat. Pandemia dela eta aurrez aurre 15 minutu eta telefonoz 10 erabiltzen ari ziren paziente bakoitzeko. Aurrerantzean 12 eta 8 izanen dira. Solidus izeneko zentralita azkarrak jarriko dituzte ahalik eta osasun etxe gehienetan.
Formakuntza eskainiko diete telefonoa hartzen duten administrazio langileei. Nolanahi ere, oposizioaren aburuz, ez dira behar bezain beste bitarteko jartzen ari.
EH Bilduko Domingo Gonzalezek azpimarratu du Lehen Arreta indartzeko 30 pertsona besterik ez dutela kontratatu. Hau da, Osasun Etxe Bakoitzeko pertsona erdia.