Irakaskuntzaren alorrean Geroa Bai eta PSNren artean izandako desadostasunak hartu ditu hizpide kazetarien galderei erantzuna emanez. Geroa Baik eta Navarra Sumak 57 urtetik gorako irakasleentzako lan jarduna murriztearen alde hitzartutako enmendakina aurrera atera zen Parlametuan. Hori dela eta batzuk gobernu krisiaz mintzatu dira egun hauetan. Horren aurrean Barkosek esan du desadostasunerako tokia badela gobernuaren baitan eta hau sendo dagoela.
Baina gaurko gaia Geroa Bairen proposamenen aurkezpena izan da. Hezkuntza eta osasunaren alorrean begirada eta ahalegin gehienak jarrita egon arren, ekonomiaren alorrean ere eragiteko beharra azpimarratu du Uxue Barkoxek eta horretarako bost neurri zehatz aurkeztu ditu.
Lehenbizikoa: Nafarroaren zorpetzeko ahalmena handitzeko eskatu beharko liokeela Nafarroak ministerioari esan du Geroa Baiko eledunak.
Gutxienez %4an finkatu beharko zen eta ez 2,3an uztailaren bukaeran Madrildik esan zuten bezala.
Bigarrena: Sozietateen Zerga berrikusi eta egokitu beharra dagoela esan du Barkosek. Une honetan hemen bilatu behar dira diru sarrerak eta ez horrenbeste jendeari zuzenean eragiten dizkioten zergen bilketan, lan merkatua eta industria oso une latzak ari baitira pairatzen. Urtea amaitu aurretik landu beharko zen hau, urte berrirako lege aldaketa bat egin ahal izateko.
Hirugarrena: Europatik etorriko diren diru funtsen inguruan Barkosek esan du hau dela unea proiektuen egutegi bat prestatzeko eta udazken honetan bertan aurkezteko. Azkar eta egin behar da eta aukera guztiak baliatuz, horretarako eskualdeen batzordean, eta gure euro eskualdeko erakundeetan negoziatu behar da hori guztia zuzenean, ahal den neurrian.
Laugarrena: Espainia eta Nafarroaren arteko Hitzarmen ekonomikoa berikusteko bilera egiteko eskatu du Barkosek. Hor ikusi behar da zein izan behar duen Nafarroaren ekarpena batez ere estatuaren zoirrari dagokionez.
Bosgarrena: Barkosek eskatu du Gobernuak bere babesa adierazi diezailea haien diru soberakin edo erremanenteak gobernu zentralari eman nahi ez dien udalei, haien udal autonomía babestuz.
Gaurko agerraldian Geroa Baiko eledunak alderdiaren elkartasuna adierazi nahi izan dio Jabi Ollo Altsasuko alkateari egun hauetan jasaten ari den eskuindarren mehatxuengatik.