Antoniutti parkeko ‘skatepark’-a berritzeko lanak irailaren amaierarako amaituta egongo dira

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 27a, 09:59

Iruñeko Udalak 159.000 euro inbertitu ditu 20 urte baino gehiago dituen instalazio horretan arrapala berriak eraiki eta zeudenak hobetzeko.

Iruñeko Udalak amaiatu ditu ekainetik Antoniuttiko irristatze parkean 1998ko instalazioa hobetzeko egiten ari zen lanak. Pistako lanak amaituta daude, baina eremuak hesituta jarraitzen du, azken xehetasunak egiten eta inguruko belarra lehengoratzen ari baitira.

Lanak irailaren amaierarako amaituta egotea aurreikusten da. 2019an onartutako Finantza Inbertsio Iraunkorrekin lotutako lanen aurrekontua 159.152,90 eurokoa izan da.

Hogei urte baino gehiago erabili izanaren ondorioz, skateparkeko errodadura gainazalek zuloak eta lur jausiak zituzten, eta erabiltzaileentzat arriskutsuak ziren. Obrarekin, errodadura gainazalak guztiz berritu dituzte, baita skatepark-eko metalezko elementu eta babes guztiak ere, udalak jakitera eman duenez.

Bi arrapala berri diseinatu dituzte, funtzionaltasuna eta irristatze lerroak hobetzeko. Alboen diseinua ere aldatu da, instalazioaren funtzionaltasuna hobetzeko. Parkea osatzen duten metalezko elementu guztiak berritu dituzte.

Gainera, pistaren argiztapena indartu dute, dauden bi zutoinen fokuak bikoiztuz eta, horrela, instalazioaren erabiltzaileen eskaera nagusietako bati erantzunez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!