Kontzertua 20:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da. Sarrerako ateak, San Frantzisko kaletik, kontzertua hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.
Tenpora 2012an jaio zen Tolosan eta dagoeneko sei abestiko maketa bat eta bi disko luze argitaratu dituzte: Mundu berria 2014an eta Itzulika 2017an. Taldearen estilo eklektikoa eta musika aberastasuna nabarmentzekoak dira, eta taldeko kideak Maddi Oihenart, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Cantus Caterva, Umama, Drindots edo Et Incarnatus Orkestra bezalako proiektu eta taldeetan parte hartzen dute, besteak beste. Hasier Oleagak (bateria), Itsaso Etxebestek (baxua), Juantxo Zeberio Etxetxipiak (teklatuak), Beñat Barandiaranek (gitarra) eta Elene Arandiak (ahotsa) osatzen dute taldea.
Estilo eta sentsibilitateen baturak nortasun propioa eta berezia eman dio taldeari, Iruñeko Udalak ohar batean azpimarratu duenez: "Bere musika sailkaezina da, taldea bilaketa etengabean ari baita, nahiz eta bere soinuaren esentzia eta nortasunari tinko eutsi. Musika adituek, aldiz, abestiak popetik eta jazzetik sortzen direla eta elektronikan eta rock progresiboan barneratzen direla diote. Proposamenaren kalitatea, zuzenekoaren indarra eta abestietan islatzen den sentsibilitatea, batetik, eta taldearen sendotasuna eta dotoretasuna, bestetik, dira publikoak eta kritikak gehien nabarmendu dituzten ezaugarriak”.
Taldearen beste ezaugarri bat literaturarekin eta egungo idazleekin duen harreman estua da. Harkaitz Cano eta Karlos Linazasoro dira taldearen abestien letragileak eta, disko berrian, Leire Bilbaok ere hartuko du parte. Azken urteotan Victoria Eugenia Club, Eako Poesia Egunak, Tolosako Leidor eta Topic antzokiak eta Tabakalera antzokietan izan dira.