Sexu eta genero aniztasunaren errealitatea iruindarrengana hurbiltzeko jarduerak proposatu ditu Harrotuk

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 24a, 10:21
Harrotu zentroa. (Iruñeko Udala)

Harrotu Iruñeko Udaleko Sexu eta Genero Aniztasunaren Informazio eta Arretarako Zerbitzu Publikoak hogei bat jarduera proposatu ditu datozen asteetarako, herritarrengana, eta bereziki gazteengana, sexu eta genero aniztasunaren errealitateak hurbiltzeko.

Jarduerak Harrotu gunean, Civivoxen, Gazteriaren Etxean eta Ziudadelan izango dira. Programaren oinarrietako bat LGTBI kolektiboko kideei laguntza ematea da, gizartean aurki ditzaketen oztopoak gainditze aldera. Horretarako, adibidez, bi tailer programatu dira autoestimua lantzeko. Tailer horietan, norberaren ezaugarriak eta zaintza pertsonala landuko dira, autobalorazioko, autoezagutzako eta autokonfiantzako trebetasunak garatzeko. Jarduera horietan, konfidentzialtasuna eta iritzirik eza lehenetsiko dira, bertaratutakoei aukera emateko pertsona gisa hazteko, taldeak hori egiten duen aldi berean.

Bestalde, programak udan zehar LGTBI publikoari zuzendutako jarduera soziokulturalak antolatzea ere proposatzen du. Horien bidez, kolektibo horretako kideek taburik gabe askatasunez hitz egiteko guneak izan ditzaten lortu nahi dute, haien antzeko egoeretan aurretik egon diren beste pertsona batzuk ezagutzeko aukera izan dezaten. Proposamenak irakurketa klub batekin hasi eta kayakeko ibilaldietaraino heltzen dira. LGTBI zineforum bat ere egingo da. 

Harrotuk, herritarrak LGTBIri buruzko oinarrizko gaietan sentsibilizatzeko eta prestatzeko bidean, eremu horretan sortzen diren zalantza orokorrak argitzeko gune bat ere planteatzen du jarduera programan. Zentroko langileen eskutik, eta sare sozialetan zabaldutako zuzeneko bideo baten bidez, azken hilabeteetan gehien jaso diren kontsultak jarriko dituzte mahai gainean. Jarduera hori bi aldiz egingo dute udan zehar: uztailaren 30ean, osteguna, Sexua eta izena: helduak eta adingabeak izenburupean, eta abuztuaren 27an, osteguna, amatasunaren gaia ardatz hartuta, gurasoak sexu bereko bi pertsona direnean.

Zerbitzuak programa aprobetxatuko du herritarrek eskaintzen dituzten zerbitzuen inguruan dituzten interesak biltzeko. Helburu horrekin, datorren astelehenean, uztailaren 27an, 16: 30etik aurrera, Harrotu Entzun topaketa egingo dute. Bertaratutakoen ideiak jasoko dituzte, zerbitzuak eskaintzen duen hurrengo hiruhileko programazioa egiteko kontuan izan daitezen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!