Iruñeko herri haur eskola bultzatzeko sustengu kanpaina abian da

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 10a, 10:20

Navarra Sumaren euskararen eskaintza murrizketari aurre egiteko, Iruñeko guraso euskaldunek herri eskola sortu dute. Elkartu, antolatu eta martxan dira jadanik, datorren ikasturtean beren seme alabei euskarazko hezkuntza bermatzeko. Baina herri eskola abian jartzeko euskaltzaleen babesa eta laguntza behar dute. Diru bilketa kanpainari ekin diote.

Euskarazko eskaintzaren murrizketaren aurrean geldirik geratu beharrean, alternatiba eraiki dute Iruñerriko hainbat gurasoek. Herri haur eskola martxan jarri dute, euskara eskaria agerian utzi eta beren seme alabendako euskarazko hezkuntza bermatzeko. Eskola irekitzeko lokala topatu dute jadanik, Berriozarren, eta moldatzen ari dira, irailean ikasturteari ekiteko. Horretarako Iruñerriko euskaltzaleen laguntza eskatu dute, "Alternatiba honek sistema publikoak dituen baldintza berak izatea nahi dugu: Bai hezkuntza kalitateari dagokionean, bai langileen eskubideei dagokienean eta baita familiek ordaindu beharreko kuotei dagokienean ere, euskara ez dadin eliteen pribilegio bilakatu" azaldu dute.

Diru bilketa Itsulapikoa.eus crowdfunding plataformaren bidez egin dute, "SOS euskara Iruñean!" izenburupean.

Haur eskolan parte hartzera ere dei egiten dituzte interesa duten Iruñerriko beste guraso euskaldunei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!