Udalak eta Bertsozale Elkarteak Iruñeko I. Bertsopaper-lehiaketarako deia egin dute

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 2a, 14:37

Nafarrek hartzen ahal dute parte, hiru kategoriatan banatuta dago eta bederatzi sari daude, guztira 4.000 euro.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko I. Bertsopaper-lehiaketarako deia egin dute, hau da, bertsolaritzaren arauekin bat idatzitako bertsoen literatura-lehiaketa baterako. Hiru kategoria ezarri dira, eta horietako bakoitzean, hiru sari. Nafarroan jaio edo Nafarroan bizi diren egileek hartzen ahal dute parte. Lanak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Aurkeztutako lanek gai eta neurri librea izanen dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Halaber, bertsoen doinua zehaztu beharko da.

C kategoria 2002an edo lehenago jaiotakoei zuzentzen zaie. Lan bakarra aurkezten ahal dute, gutxienez 12 bertsokoa, eta gehienez 20koa, eta nolabaiteko batasuna osatu behar dute. Lehen saria 1.500 euro izanen da; bigarrena, 1.000 euro, eta hirugarrena, 500 euro. B kategorian, 2003 eta 2006 artean jaiotakoek hartzen ahal dute parte (biak barne), eta gehienez 3 lan aurkezten ahal dituzte, 4 eta 8 bertso artekoak. Kasu honetan, lehen saria 350 euro da; bigarrena, 200 euro, eta hirugarrena, 150 euro.

A kategoria 2007an edo ondoren jaiotakoei zuzentzen zaie. 2 bertso gutxienez eta 4 gehienez idatzi beharko dituzte. Lehen saria 150 euroko kultura-bonoa izanen da; bigarrena 100 eurokoa, eta hirugarrena 50 eurokoa. Gehienez 3 lan aurkezten ahal dituzte. Kultura-bonoak dendetan trukatu daitekeen txartel baten bidez ordainduko dira.

Lanak hemen aurkezteko: www.irunakulturada.eus 

Parte-hartzaileek haien lana eta parte hartzeko datuak aurkeztu beharko dituzte www.irunakulturada.eus webguneean, horretarako haien hasiera-orritik eskuratu daitekeen formulario bat betez. Gune horretan berean oinarriak osorik kontsultatu daitezke.

Epaimahaia Nafarroako Bertsozale Elkarteak izendatuko du eta bertsolaritzaren arloko hiru adituk osatuko dute. Sari-banaketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen duten Bertsoaroa zikloan izanen da, 2020ko azaroan.

Behin saria ordainduta, egileek baimena emanen dute saritutako lanak urtebeteko epean argitaratzeko. Halaber, C kategorian lehenengo saria jasotzen duen egileak baimena emanen die erakunde antolatzaileei saritutako lanean oinarritutako emanaldi edo ikuskizun berri bat ekoizteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!