Berrehun kultur jarduera baino gehiago eskainiko dituzte udan Iruñean

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 2a, 09:33
Leire Villanueva 'Iseo' da kontzertua eskainiko dutenetako bat. (@iseododosound)

Iruñeko Udalak 200 kultur jarduera baino gehiago antolatu ditu uda honetarako Ziudadelan eta hiriko auzoetan, edukiera eta segurtasun neurriekin. Proposamenen artean daude zenbait jaialdi, bai eta Iseo, Chica Sobresalto eta Natalia Lakuntzaren gisako artisten kontzertuak ere.

Ziudadela Nafarroako hiriburuko kulturaren epizentroa izango da berriro ere uda honetan. Horretarako, udalak hesitutako espazio bat prestatu du, 600 lagunentzako lekua izango duena, eta berrogei ikuskizun baino gehiago hartuko dituen agertoki handi bat jarri dute bertan.

Aldi horretan, iruindarrek ekimen berriez gozatu ahal izango dute, hala nola Ziudadelako Gauak edo Pamplona Reclassics, dagoeneko finkatuta dauden programekin batera: Harresien Jaialdia, Flamenco on Fire eta Pim Pam Ville.

Egitaraua bihar, ostiralarekin, inauguratuko da, Ziudadelan, eta hiru ikuskizun eskainiko dituzte Pamplonesak, Iruñeko Orfeoiak, Duguna dantza taldeak eta udal txistulariek, udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Dena den, Ziudadela ez da izango programazioaren epizentro bakarra, eskaintza hiriko beste auzo batzuetara ere zabalduko baita, udako zinema, tailerrak, kontzertuak eta aire zabaleko beste jarduera batzuekin.

Programazioak bederatzi ziklo uztartuko ditu. Programazioaren punturik indartsuena Ziudadelako Gauak saioa izango da, eta uztaila eta abuztua bitartean, Maialen Gurbindo/Chica Sobresalto (uztailak 11), Iseo (uztailak 17) David Otero (uztailak 18), Diana Navarro (uztailak 25), Viva Suedia (abuztuak 8) edo Miss Caffeína (abuztuak 22) bezalako artistak ekarriko ditu Iruñera.

Uztailaren 12an, igandea, beste bi ziklo hasiko dira: Puro Folklore, gure lurraldeko eta munduko beste toki batzuetako adierazpen askotarikoak ekarriko dituena, uztailetik irailera bitarteko goizetan; eta Rincones y Recovecos, familiei zuzendua.

Uztaila amaieran Pamplona Reclassics musika klasikoaren jaialdia hasiko da, musika mota hori birplanteatzeko eta bere forma guztiak eguneratzeko helburua duena, Sarasate, Granados, Haendel, Beethoven eta Bartoken doinuekin, besteak beste.

Abuztuan, hilaren 4tik aurrera, ez da faltako urteroko hitzordua Harresien Jaialdiarekin; aurten ere arte eszenikoen askotariko proposamenak ekarriko ditu, hala nola dantza, umorea eta zirkua. Aste batzuk barru aurkeztuko dute programazio.

Uda amaitzean, Flamenco on Fire taldeak Sabicas gitarra jotzaile iruindarraren heriotza gogoratuko du, eta Pim Pam Ville berrikuntza askorekin helduko da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!