Berriozarko mugan jarriko dute abian herri haur eskola

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 29a, 10:36

Aurrematrikula egiteko epea uztailaren 2tik 10era izanen da zabalik, HE Gurasoak plataformak iragarri duenez

HE Gurasoak plataforma aurrera doa herri haur eskola zabaltzeko asmoarekin. Dagoeneko egoitza prest dauka Berriozarko sarreran, Oianondoa kaleko 8. zenbakian, Decathlon kirol dendaren ondoan.

Plataformako kide Iñigo Otxoak Guardasola saioan azaldu duenez, apenas egin beharko duten moldaketarik, lokala berez haur eskola izateko egokiturik baitago.

Otxoak salatu duenez, 2020-2021 ikasturtean, Navarra Sumaren udal aginte taldeak %70eko murrizketa eginen du euskarazko plazetan, haurrik txikienei, titi-umeei dagokienez. Zehazki, plazak 371 izatetik 112 izatera igaroko dira. 

Herri haur eskolaren helburua da murrizketa horrek plazarik gabeko utziko dituen haurrei zerbitzua eskaintzea udalaren baldintza berberetan, ordaindu beharrekoari, ratioei, proiektu pedagogikoari dagokienez. "Hamabigarren udal eskola izan nahi dugu, edo Nafarroako gobernuaren seigarrena".

Nolanahi ere, herri haur eskola abian jartzen ari diren gurasoen asmoa sistema publikora ahalik eta lasterren itzultzea da, Otxoak berretsi duenez. 

Matrikulazio epea uztailaren 2tik 10era izanen da zabalik. Eta posta elektronikoz egin daiteke, honako helbide honetan: hegurasoak.harrera@gamail.com

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!