Sanferminak ez ospatzera dei egin dute Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 26a, 14:03

Ardura eskakizun bateratua egin dute Gobernuak eta Udalak, aurtengo Sanferminetako egunetan festarik ez egitera dei egin dituzte Iruñeko eta Nafarroako biztanleak. Normaltasun berria hauskorra da eta jende pilaketak ekidin nahi dira, gaitzaren berpizteak ekiditeko. Uztailaren 6an Udaletxe plazaren edukiera zainduko du udaltzaingoak jendea bertan elkartu ez dadin.

"Aurten ez da Sanferminik izanen eta modu alternatiboan ospatzeak ere ez luke zentzurik" adierazi du Maria Txibite Nafarroako Presidenteak, "Eredugarriak gara nazioartean festak antolatzen, izan gaitezen orain ere eredugarriak arduraz jokatzen". jende pilaketak ekiditera dei egin du Gobernu presidenteak, uztailaren 6tik 14erako egunak normaltasunez, ospakizunik gabe bizitzera. "Har dezagun aurten energiak biltzeko eta gordetzeko, datorren urteko festak, inoizko onenak izanen direnak, gogo biziz ospatzeko" gaineratu du Txibitek.

Zentzu berean mintztau da Enrique Maia Iruñeko alkatea, "Itxialdiaren ostean denok dugu uztailaren 6an lagunekin hamaiketakoa egiteko asmoa, bainan mesedez ekidin dezagun eta aurten egin dezagun bakoitzak norberaren etxean" adierazi du. iruñeko Udalak txupinazoa bota beharko zen egunerako dispositibo berezia prestatu du, Udaletxe Plazan eta gazteluko Plazan jendea biltzea ekiditeko. Hesiak jarriko dira eta edukiera mugatuko da, 400 pertsona sartu edo egongo dira Udal plazan eta 4.000 baino gutxiago Gaztelukoan.

Iruñerriko Mankomunitateak ere ez du aparteko zerbitzurik eskeiniko SanFermin egunetan eta beraz ez da villavesa gehiago izanen. Zabor bilketari dagokionez ez dira beste urteetako zabor hontziak zabalduko hiri guztian, festarik ez delako izanen.

Ardurarako deiak ordea, talka egiten du artzapezpikuaren jarrerarekin. Mezak mantendu ditu Sanfermin egunetan eta zinegotziak gonbidatu ditu parte hartzera. "Ez da prozesiorik izanen, ez da galazko jantzirik egonen, beraz mezara joaten diren kargu publikoak, pertsonalki horrela erabaki dutelako izanen da" azaldu du Enrique Maiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!