Iruñeko Peñek ez dute ekitaldirik antolatuko, sustatuko eta babestuko Sanfermin egunetan

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 26a, 12:39

Ardura mezua zabaldu nahi izan dute Sanferminetako 16 peñek. Aurten ez dute ekitaldirik antolatuko eta ez dute jende pilaketak eragin ditzazketen beste jardueretan parte hartuko. "Ez dira baldintzak ematen nahiko genituen Sanferminak ospatzeko" esan du Imanol Azkona, Peñen Federazioko presidenteak, "Dei egiten diegu gure bazkideei eta Iruñeko bizilagun guztiei aurten, uztailaren 6tik 14ra zuhurtziaz jokatzera".

Iruñeko Peñek argi dute, aurten ez da Sanferminik ospatuko. "Itxialdia esperientzia gogorra izan da, logikoa da denok kalera irten eta festa egiteko gogoak izatea" azaldu du Imanol Azkonak, Iruñeko Peñen Federazioko Presidenteak, "Bainan ez da baldintzarik ematen festak ospatzeko. Oraindik gaitza gure inguruan dabil eta tentuz eta arduraz aritu behar gara guztiok". Gauzak horrela, Peñek ez dute ekitaldirik antolatu eta ez dituzte beren barrak irekiko. "Ateak itxita izanen ditugu publikora, ez baitugu nahi gure lokaletan jende pilaketak egoterik" azaldu du Azkonak. Artzapezpikuak mezak bere horretan mantentzeko erabakiaz galdetuta, "Festarik ez dela argi utzi behar da eta ekitaldi guztiak bertan behera geratzea litzake arduratsuena" esan du Peñen Federazioko presidenteak.

Iruñeko Peñek dei egin dute SanFerminetako mahaia indartzeari. "Guztion artean eta ez aldebakartasunez, festen gaineko erabakiak hartzeko" azaldu du Imanol Azkonak, "Har dezagun urte hau datorren urteko Sanferminak antolatzeko, herrikoak eta berdintasunean oinarrituta. Gogo biziz hartuko ditugu festak eta gure bizitzako onenak izanen dira".

Pankartak

Festarik izanen ez den arren eta "Txarangekin kalez kale aterako ez garen arren", Iruñeko Peñek urte historiko honetan pankarten testigantza utzi nahi izan dute. 16 pankarta prestatu dituzte, eta Baluarten jarriko dituzte ikusgai.

2020ko Peñen pankartak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!