Iruñeko Udalak berriro ekingo die kontzertuei Iruñeko Musika Bandarekin, Covid-19ko krisiak ezarritako konfinamenduak eragindako etenaldiaren ondoren. Saioek formatu txikiak izango dituzte, musika-banda handiaren kontzeptutik urrun egongo dira, eta ganbera-musikara bideratuko dira. Gainera, gomendatutako osasun-neurriak eta horrelako ekitaldietan ezarritako edukiera-kontrola hartuko dira kontuan.
Musika proposamenak ekainaren 20an eta 27an izango dira. Bi gune mugatu eta bereiziko dira Ziudadelan, espazio eszeniko banarekin, eta bandak bi errepertorio desberdin prestatu ditu, egunero elkarren segidako bi saiotan, bata 19:00etan eta bestea 20:15ean. Hala, egunero 280 ikusle joan ahal izango dira, 70 pase eta agertoki bakoitzeko. Programazio berezi honek, nahiz eta tamaina txikikoa izan, eskaintza askotarikoa izatea bilatzen du, eta publiko guztientzat diseinatua dago.
Lehenengo agertokian bideo jokoen eta zinemaren kontzertu bat egongo da, generoko pasarte esanguratsuenekin: Pokemon, Final-Fantasy, Tetris, Sonic, Street-fighter, Angry birds, Zelda eta Super Mario Bros, Piratas del Caribe filmaren soinu bandaren egokitzapen batekin batera. Garai, genero eta estilo guztietako konpositore "klasikoen" obrak eskainiko dituzte 2. agertokian. Bachetik Gershwinera, jatorrizko musika konposizioaren munduan erreferente den konpositore batetik pasatuz, hala nola J. de Haan holandarra, Queenen pop-a eta gure tokiko "klasiko" miretsiaren zertzelada bat: Don Manuel Turrillas. Oraingoan, metal eta perkusio taldearen buru, J. Vicent Egea zuzendari titularra egongo da, eta Jesus Garisoain taldeko zuzendariordearen gidaritzapean, haize zurezko bi talde arituko dira.
Ekainaren 20ko kontzerturako izen-emateak doakoak dira eta bihar, osteguna, egingo dira 010/948 420100 Herritarren Arretarako telefonoaren bidez, 08:00etatik 19:00etara. Eskuragarri dauden plazak baino eskabide gehiago jasotzen badira, zozketa bat egingo da hilaren 19an (ostirala) izena eman dutenen artean, eta saridunek SMS bidezko jakinarazpen bat jasoko dute. Hilaren 20ko bi ordutegietarako izen-emateak jasoko dira eta, batentzako sarrera eskuratuta, bestearentzako modu automatikoan gaituko da. Kontzertu-esparrura sartu ahal izateko, NANa aurkeztu beharko da.
Kontzertuetarako sarrera kokapen bakoitzean baimendutako edukieraren arabera kontrolatuta eta araututa egongo da. Musikarien eta bertaratutako publikoaren antolamendua urruntze sozialari buruzko araudira egokituko da, eta bertaratzeak sarbideetako segurtasun-distantziak gorde eta maskararekin sartu beharko du. Behin publikoa eserita, segurtasun tartea mantenduz, hura erabiltzea gomendagarria izango da.