23 urteko gazte bat salatu du Udaltzaingoak Mendillorriko topaketa antolatzea leporatuta

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 17a, 15:18

"Bizikidetzaren asaldura nabarmena" egotzi diote, arau-hauste oso larria gizabide ordenantzan. 1.500 eta 3.000 euro arteko isun publikoa ezarri diezaiokete.

Iruñeko Udaltzaingoak 23 urteko gazte bat identifikatu eta salatu egin du ekainaren 5ean eta 6an Mendillorriko lakuan izan zen gazteen topaketa antolatu zuelakoan. "Arduraduna" dela baieztatu du udalak ohar bidez. Arau-hauste larria egotzi diote, eta 1.500 eta 3.000 euro arteko isuna eragin diezaioke.

Zehazki, jokabide zibikoen sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantzaren 34. artikulua aplikatu zaio, zeinak oso larritzat jotzen baititu "beste pertsona batzuen lasaitasunari edo eskubide legitimoak baliatzeari modu larrian, berehalakoan eta zuzenean eragiten dioten bizikidetzaren nahasmendu nabarmena dakarten arau-hausteak".

Udalaren arabera, gazteak sare sozialen bidez deitu zuen topaketa, batez ere twitter eta Instagram bidez, eta Mendillorri lakuko jaien lehen edizioa deitu zuen. "Ehunka gazte joan ziren festa horretara, inguruko bizilagunei eragozpenak eraginez eta koronabirusaren krisiaren ondorioz ezarritako osasun araudia urratuz", gaineratu du udalak..

Udaltzaingoak ekitaldiaren berri zuen eta segurtasun-dispositibo bat antolatu zuen lakuaren inguruan. Hainbat herritar ere harremanetan jarri ziren Udaltzaingoarekin topaketaren berri emateko. Bertan zeuden patruilak bildutako pertsonak desegiteko eta osasun-araudia errespetatzeko konbentzitzen saiatu ziren. Udaltzaingoaren Ikerketa Taldeak egin ditu ikerketak, eta biral egin ziren bideoen bidez eta beste proba batzuk erabilita identifikatu eta salatu dute gaztea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!