Iruñerriko auzoetako Jai Batzordeek udalak egindako eskaintzari jaramonik ez egitea erabaki zuten atzo; izan ere, udalak azken asteetan txupinazoaren egunean jarduerak prestatzera gonbidatu ditu auzoak, baimena izango dutela hitzemanda.
Auzoak plataforman batu diren hamalau auzoetako ordezkariak atzo batzartu ziren egoera horri aurre egiteko, eta "harrigarritzat" jo zuten proposamena; batetik, haiekin harremanetan jartzeko moduengatik — udaltzaingoaren deiaren bidez —; eta, bestetik, funtsagatik, ekitaldiak prestatzeko eskatzen baitzaie, udalak berak erabaki zuenean jaiak bertan behera uztea eta pilaketak eragingo dituen edozein ekintza baztertzea. "Arduragabekeriatzat" hartu dute; eta ondorioz, ezer ez egitea erabaki dute.