Enrique Maia: "Bizikletei zirkulazio zerga bat kobratu behar zaie? Horren gero eta aldekoagoa naiz"

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 15a, 18:35

Bizikletei zirkulazio zerga jartzeko aukera aipatu du Iruñeko alkate Enrique Maiak. "Autoak kentzen eta bizikletak jartzen ari bagara, bete ditzatela arauak; izan ditzatela matrikula eta txipa, eta ordain dezatela zerga bat".

Bizikletei zirkulazio zerga bat kobratzeko aukerari buruzko eztabaida irekitzeko aukera planteatu du Enrique Maia Iruñeko alkateak, mugikortasunaren mesedetan autoen erabilera txikiagoa aipatzen den testuinguru batean.

"Bizikletei zirkulazio zerga bat kobratu behar zaie? Eztabaida dago herritarren artean. Bada jendea esaten duena: 'Aizu, hainbeste leku okupatzen ari badira...'. Matrikula eraman behar dute? Mikrotxip bat jarri behar zaie, eta hori ez daramari isuna jarri behar zaio? Horren gero eta aldekoagoa naiz", planteatu du alkateak Onda Cero irratiari eskainitako elkarrizketa batean.

"Autoak kentzen eta bizikletak jartzen ari bagara, bete ditzatela arauak; izan ditzatela matrikula eta txipa, eta ordain dezatela zerga bat; ez da izango auto batena bezalakoa, baizik askoz txikiagoa izango da, baina lagunduko dute bidegorriak hobetzen", adierazi du alkateak. "Eztabaidak merezi duela uste dut", gaineratu du.

Sanferminei dagokienez, alkateak berretsi du udalak aurten ez duela "ezer programatuko" koronabirusaren pandemia dela eta, baina ohartarazi du "administrazio gisa gauza jakin batzuk, jendetzak eta herritarrek bat-batean sortzen dituzten ekitaldiak saihesteko gaitasuna mugatua" dela. Maiak herritarrei eskatu die "ahal den neurrian" ez ateratzeko edo auzoan geratzeko eta "mundu guztia leku berera ez joateko". "Horretan tematuko gara. Baina azkenean herritarren zentzutasuna dago, eta herritar batzuen zentzugabekeria. Eta horren aurrean, poliziaren baliabideak mugatuak dira", esan du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!