Mobilizazioarekin, pandemia garaian euskal presoek espetxeetan pairatu duten egoera salatuko dute, eta euren etxeratzea zein Espainiako eta Frantziako gobernuek ezarritako salbuespen legedia bertan behera uzteko eskatuko dute.
“Gaur egun, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso ditugu; 70 urtetik gorako bi preso daude, 65 urtetik gorakoak 12 eta 60tik gorakoak 24. Estatu espainiarrean kartzelan dauden euskal presoen %80 etxetik 1.000 eta 400 kilometro artean daude eta Estatu espainiarrean dauden 198 euskal presoetatik 156, lehen graduan daude”, salatu du Sarek.
“Honi, Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak ekarritako kalte gehigarriak gehitu behar zaizkio; urruntze politika dela eta indarrean den bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den”.
Hala, pandemia egoerak presondegietan sortutako muturreko egoerek agerian utzi dute, Sareren arabera, euskal presoen egoerari irtenbide bat emateko dagoen premia.
Eskaera hori kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei, martxa ibiltari batekin. Hilaren 20an, larunbatarekin, egingo dute, arratsaldeko 17:30ean, Sarasate pasealekutik abiatuta, Iruñeko espetxeraino.