Van Gogh Alive - The Experience erakusketa multimedia datorren astelehenean, ekainak 8, irekiko dute berriro, edukieraren heren batekin eta "bisita eroso eta segurua bermatzeko" ezarritako osasun protokoloekin.
1.500 m2 baino gehiagoko gune hori berriz irekitzeko hartutako neurrien artean, honako hauek nabarmentzen dira: edukiera mugatzea, eta metroko segurtasun distantzia ziurtatzeko seinaleak jartzea, eta alfonbratxo desinfektatzaileak, gel hidroalkolikoa eta maskarak nahitaez erabiltzea. 65 urtetik gorakoek ilararik gabeko lehentasunezko sarbidea izango dute erakusketa bisitatzeko.
Nomad Arte taldeak, gainera, higienizazio protokolo bat ezarri du; horren arabera, ordubeteko multimedia ikuskizunaren emanaldi bakoitzaren ondoren, bankuak, pufa eta haurren eremuko elementu guztiak desinfektatuko dira.
Nafarroako publikoak margoaren jeinu handiaren obra eta nortasuna ikusi, entzun eta usaintzeko aukera izango du uda osoan zehar, izan ere, Van Gogh Alive - The Experience-k abuztuaren 30era arte luzatuko du Iruñeko egonaldia.
Erakusketak Baluarteko Harresiaren Aretoan irekiko ditu ateak, eta ikusleak "esperientzia inguratzaile bat bizi ahal izango du, 38 milioi pixel, mugimenduan dauden 3.000 irudi baino gehiago, eskala handiko 36 pantaila, argia, musika eta baita aromak ere uztartuz, Vicent Van Goghengana hurbiltzeko modu bakar eta ahaztezinean”, azpimarratu du erakusketaren antolakuntzak ohar batean.
Erakusketa, Grande Exhibitions enpresa australiarrak sortua eta Espainian zehar Nomad Art taldeak antolatua, astelehenetik igandera egongo da zabalik, 11:00etatik 22:00etara, etenik gabe. Edukiera ziurtatzeko eta segurtasuna bermatzeko, sarrerak aldez aurretik erostea gomendatzen da www.vangogh.es webgunean.