Iruñeko Udalak ez du ekitaldirik antolatuko uztailaren 6tik 14ra

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 28a, 10:14
  • Garcia-Barberenak esan du Harresien Jaialdiaren antzeko kultur programa bat egiteko asmoa dutela.
  • Peñen Federazioak eskatu du Sanferminetako Mahaia data hurbiltzen denean berriro biltzeko.

Sanferminak bertan behera geratuko zirela iragarri ondoren, eta “programazio alternatibo batean” lanean zela esan ondoren, azkenean, atzo, Iruñeko Udalak Sanferminetako Mahaiko kideei jakinarazi zien ez duela ekitaldirik antolatuko uztailaren 6tik 14ra bitartean, eta kalera irtetera bultzatzen duen jarduerarik ere ez dela onartuko, "pilaketak izateko arriskuagatik eta edukiera kontrolatzeko ezintasunagatik".

Enrique Maia alkateak herritarren eta kolektiboen erantzukizuna eskatu zuen, "pandemia kontrolatzeko neurriak arriskuan jartzen dituzten jarrerak saihesteko". Hala ere, ez du baztertu Sanferminetako Mahaiak beste bilera bat egin ahal izatea, egoera aztertzeko eta murrizketek indarrean jarraitzen duten ikusteko, Peñen Federazioak egindako eskaera baten ostean.

Bilera telematikoa izan zen atzokoa, eta 44 kide bertaratu ziren, tartean udal ordezkarak eta Sanferminetako Mahaia osatzen duten kolektibo, erakunde nahiz elkarteetako ordezkariak.

Bilkuran argi geratu zen kalean ez dela musikarik egongo sanferminetako egunetan, ezta hamaiketako edo bazkaririk bide publikoan ere.

Hala ere, María García-Barberena Kulturako zinegotziak aitortu zuen udalak egun horietarako Harresien Jaialdiaren antzeko formatua izango duen kultura programa bat egiteko asmoa duela, baina ez zen oso ziur agertu aurrera egin ahal izatearen inguruan. Hala, esan zuen udalaren asmoa da uztailaren 6tik 14ra bitartean kultur programazioari eustea dela eta Ziudadela “eszenatokirik onena” izan daitekeela horertarako. Civivoxetan programazioari eutsiko diotela ere aipatu zuen, baina ez duela uste oso bideragarria denik auzoetan ekitaldi txikiak antolatzea.

Imanol Azkona Peñen Federazioko presidenteak peñen eta elkarteen lokalekin zer gertatuko den galdetu zuen, eta uztailaren 6a baino lehen beste bilera bat deitzeko aukera mahaigaineratu zuen, hiriaren egoera aztertzeko; udaak onartu egin zuen. Halaber, zezenketen aurkako mugimenduko ordezkari batek Iruñeko jaiei buruzko hausnarketa eskatu zuen.

Alkateak eskerrak eman zizkien kideei udalaren erabakiak ulertu izanagatik, eta bertaratutako kolektiboei dei egin zien ez dezaten jendetza bilduko duen ekitaldirik deitu, ezta hori gerta dadin sustatu ere.

Erreserbek gora egin dute tabernetan

Sanferminetan ekitaldiren bat ospatzeko aukerak gero eta txikiagoak dira, baina iruindarrek mahaian esertzeko gogoa izaten jarraitzen dute. Horregatik, nahiz eta Iruñe erdiguneko taberna asko oraindik pertsiana altxatzen ari diren, batzuek kartela zintzilikatu dute, adierazteko establezimendua beteta dutela uztailaren 6n hamaiketakoa egiteko, eta 7an, bazkaltzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!