Hiria garbitzeko “talka plan bat" egingo du udalak

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 27a, 12:31
Argazkia: Iruñeko Udala.

Hirigintza Batzordeak adierazpen bat onartu du garbiketa plan bat egiteko, "garbitasun arazo handienak dituzten hiriko kale, auzo eta gune esanguratsuetan".

Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeak adierazpen bat onartu du gaur goizean, PSNk aurkeztutakoa, hiriko garbitasunari buruz. Adierazpen horrek, lehenengo puntuan, aho batez erabaki du "garbiketa plan bat egitea, garbitasun arazo handienak dituzten hiriko kale, auzo eta gune esanguratsuetan zentratuta".

Testuaren bigarren puntuan, hau ere onartu da: "Garbitasunari buruzko sentsibilizazio-kanpaina bat egitea, auzo elkarteen eta merkatarien parte hartzearekin. Kanpaina horretan, herritar guztiei irekitako garbiketa jardunaldi bat egingo litzateke, eta, bertan, korporazioko kideek eta garbiketa-zerbitzuko langileek parte hartuko lukete, osasun baldintzek ahalbidetzen dutenean". Puntu hori aldeko 6 botorekin (EH Bildu, PSN eta Geroa Bai) eta 5 abstentziorekin (Navarra Suma) onartu da.

Halaber, Navarra Sumako udal taldeak aurkeztutako zuzenketa bat onartu dute, eta bertan Patxi Ruizen alde egunotan egindako margoketak gaitzetsi dituzte. Zuzenketak aldeko 8 boto (Navarra Suma, PSN eta Geroa Bai) eta 3 abstentzio (EH Bildu) lortu ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!