Patxi Calleja argazkilari iruindarra zendu da

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 27a, 09:45

Haren ibilbidea ‘Diario de Navarra’ egunkariari lotuta egon da. Atzo hil zen, 60 urte zituela.

Atzo zendu zen Patxi Calleja kazetaritza argazkilari iruindarra, 60 urterekin. Callejak San Ignacio ikastetxean egin zituen ikasketak, eta, ondoren, Nafarroako Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentziatu zen.

Haren ibilbide profesionala Diario de Navarra-rekin lotuta egon da, 1980ko hamarkadan hasi zen kolaboratzen berripaper horrekin, haren anaia bikia Carlosekin.

Ordutik, fotokazetaritzaren esparru guztietan jardun zuen, eta azken urteetan, Iruñeko tokiko informazioan oinarritu zuen lana.

Nafarroako Erreportari Grafikoen Elkarteak haren atsekabia erakutsi du kidearen heriotzarengatik, eta doluminak eman dizkie "familia osoari, eta, bereziki, Carlos anaiari". Elkarteak azpimarratu duenez, Patxi eta Carlos Calleja "pieza garrantzitsuak izan dira Nafarroako Erreportari Grafikoen Elkartearen eraketan; izan ere, hasiera-hasieratik eman dute euren esperientzia profesionala eta euren humanismoa eta umorea”. Sare sozialetan ere dolumin mezu ugari izan dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!