Aita-semeek osatutako Alfredo & Iker Piedrafita bikoteak inauguratu zuen 2013ko otsailean Baluarten Harresiaren irekiera zikloa, eta, orain, kultur jarduera bultzatzeko sortutako ekimen berritzaile honen barruan itzuliko da.
Entzulerik gabe, Alfredo eta Iker Piedrafita arituko dira formatu akustikoan. Emanaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da Iruñeko Auditoriumeko online areto berrian, Zero Aretoan, euro bat eta 99 zentimo ordainduta, edo hamar kontzertuetarako abonu bat erosita, 9 euro eta 99 zentimoko prezioan.
Eta bihar, berriz, euskal talde bat izango dugu: Zetak, Pello Reparazek sortutako diziplina anitzeko proiektu artistikoa, Leire Colomo, Iban Larreburu eta Gorka Pastorrekin batera.
Baluarten, euskara hutsean abestutako hamar abesti elektronikoak interpretatuko ditu taldeak, eta horrez gain, Zeinen Ederra Izango Den abesti berria aurkeztuko du, apirilean koronabirusaren pandemiaren testuinguruan sortutako kantua.