Gaur abiatuko da Km Zero Musik Fest online jaialdia, Cobardes taldearen kontzertuarekin

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 21a, 09:51
Cobardes taldearen kontzertu bat. (Argazkia: Cobardes)

Cobardes rock taldeak Km Zero Musik Fest jaialdiari hasiera emango dio gaur gauean. Kontzertua Baluarteko areto nagusian izango da, ikuslerik gabe, eta Internet bidez emango dute, 21:00etan.

Jaialdiak egungo krisi egoeran kultur sektoreari bultzada ematea du helburu, agertokietara itzultzeko zailtasunak izango dituzten taldeei jotzeko aukera bat emanez. Aldi berean, arte eszenikoetako ikuskizunak Internet bidez emateko eredu berriak aztertu nahi ditu. Cobardes taldeak zabalduko du festibal berezia, 2018an Nafarroako Gobernuak antolatutako Artista Gazteen Topaketetan gailendu zen hiriko rock taldea.

Cobardesen kontzertua streaming bidez jarraitu ahal izango da auditoriumak jaialdirako sortu duen online areto berrian, Zero izeneko aretoan. Interneterako sarbidea duen edozein gailu mugikorretatik jarraitu ahal izango da, aldez aurretik 1,99 euro ordainduta. Hamar kontzertuetarako abonua erosteko aukera ere badago, 9,99 euroren truke.

2016an Javier Janices Cordobes abeslari eta gitarraren proiektu pertsonal gisa sortu zen Cobardes taldea, eta Iñigo Idoatek baterian, Iñigo Álvarezek gitarran eta Iban Sánchezek baxuan osatu zuten taldea. Taldeak Ceniza y viento lehen diskoa aurkeztuko du gaurko kontzertuan, El Dromedario Records argitaletxeak aurtengo otsailean kaleratutakoa.

Bihar, Iker eta Alfredo Piedrafitak joko dute eta ondoren, honako hauen txanda izango da: Zetak (maiatzaren 24an), Lemon y Tal (ekainaren 4an), Kai Etxaniz (ekainaren 5ean), Razkin eta haren taldea (ekainaren 11n), Gussy y Los Tripulantes (ekainaren 12an) Nahiak Nahi (ekainaren 18an), Flitter (ekainaren 19an) eta El columpio asesino (ekainaren 20ean). 

Printzipioz, kontzertu guztiak Internet bidez emango dituzte, baina konfinamendua arintzeko prozesuak aurrera egin ahala ikusiko balute posible dagoela kontzertuak aurrez aurre egiteko, publikoarekin, aukera aztertuko dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!