Sanferminetako mahaia datorren asteazkenean bilduko da

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 20a, 15:59

Iruñeko Udalak 2020ko Sanfermin jaietako kartel lehiaketa bertan behera uztea erabaki du.

Sanferminetako Mahai Orokorra modu telematikoan egingo da datorren asteazkenean, maiatzaren 27an, 18:00etan. Maria Garcia-Barberena Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasun zinegotzi delegatuak deitu du bilera hau, 2020an San Fermin jaietan egingo den edozein ekitaldi erabat bertan behera uztea azaltzeko. Deialdia dagoeneko bidali zaie Mahaia osatzen duten erakundeei, eta hilaren 25era arteko epea dute parte hartuko dutela baieztatzeko.

Iruñeko Udalak, gainera, 2020ko Sanfermin jaietako kartel lehiaketa bertan behera uztea erabaki du. Lehiaketa amaitutzat eman da Kultura eta Berdintasun Sailaren ebazpen baten bidez, "gerora sortutako ezintasun materialagatik, Covid-19ko pandemia dela-eta lehiaketa bertan behera geratu delako". Martxoaren erdialdean aurkezteko epeak eten ziren arte, alarma egoera ezarri ondoren, 220 lagunen proposamenak jaso ziren.

Ebazpenak dio atzera bota direla lehiaketan parte hartzeko jasotako eskaera horiek. Era berean, jakinarazten da aurten aurkeztutako kartelak 2021ean berriro lehiatu ahal izango direla, hurrengo lehiaketaren oinarrietara egokituta, ez baitira ikusi, ez eta baloratu ere, lehiaketaren etenaldia lanak aurkezteko fasean zegoela gertatu zelako.

Aurkeztutako kartelen irudiak eta parte-hartzaileen datuak automatikoki ezabatuko dira lehiaketaren plataformatik eta udal zerbitzaritik, Sanfermin 2020ko kartel lehiaketaren oinarriek adierazten duten bezala, Udalak jakitera eman duenez.

Iruñeko Udalak eskerrak eman dizkie kartel bat aurkeztu duten guztiei, eta hurrengo edizioan obra berarekin edo proposamen berri batekin parte hartzeko deia egin die.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!