Bihar zabalduko dute Iruñeko hilerria

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 18a, 19:12

Bihartik hasita astean zehar, hiriko hamar komun publikoak irekiko dituzte. Sarasate pasealekuko, Basotxo pasealekuko, Gurutze plazako eta Medialuna parkeko komunak izango dira lehenak.

Iruñeko Udalak astearte honetan irekiko du San Jose udal hilerria, eta bihartik hasita astean zehar, hiriko hamar komun publikoak irekitzen joango da.  Udalak dio uneoro zainduko dituela higiene eta prebentzio neurriak.

San Jose hilerria udako ohiko ordutegian irekiko da, 8.00etatik 19.00etara (ate nagusia 19.00etan itxiko da, eta gainerako ateak 18.30ean itxiko dira).

Hilerriko barruan, udal langileek araudia betetzen dela begiratuko dute, besteak beste, hamar pertsona baino gehiagoko talderik ez dagoela eta bi metroko distantzia soziala mantentzen dela.

Udalak gogorarazi du hilerria martxoaren 16an itxi zela, Alarma-Egoeraren Dekretuaren ondoren, eta ordutik aurrera beharrezko hileta-zerbitzuak egin direla, une bakoitzean ezarritako arauekin.

Komun publikoei dagokienez, Udalak hainbat erabilera-arau jakinarazi ditu, eta banan-banan sartu beharko da, laguntza behar duten pertsonen kasuan izan ezik; kasu horretan, laguntzaileak ere sartu ahal izango du.

Komunetara sartzeko itxaron ilaran gutxienez ere bi metroko tartea utzi beharko da. Instalazioak zaintzen dituzten langileek pertsona bakoitzari adieraziko diote noiz pasa daitekeen komunera, baita haiek erabiltzeko baldintzak ere.

Higiene-neurri gisa, eskuak garbitzea eta sudurra, ahoa eta begiak ez ukitzea gomendatzen da. Langileek, berriz, erabilera bakoitzeko garbituko dituzte komunak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!