Sarasate pasealekuko oinezkoentzako gunea zabalduko dute larunbatetik aurrera

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 15a, 10:42

Zirkulazioa hegoaldeko bidera eraman dute, Zabalgunetik gertuen dagoen bidera. Eskualdeko hiri garraioaren geltokiak ere gune horretan kokatuko dira.

Oinezkoentzako espazio gehiago eta trafikorik gabeko konexioa Gazteluko plazatik eta Alde Zaharretik. Sarasate pasealekuak oinezkoentzako gunea zabalduko du larunbat honetatik aurrera, aste honetan egindako lanen ostean. Aldaketa nagusiak zirkulazioarekin du zerikusia, hegoaldeko bidera eramaten baita, Zabalgunetik hurbilen dagoen bidera, bai eta eskualdeko hiri garraioko geltokiekin ere, horiek ere eremu horretan kokatuko baitira.

Larunbat honetatik aurrera, zirkulazioaren noranzkoa aldatuko da Sarasate pasealekuko hegoaldeko bide horretan, eta erabilera mugatuko da hiriko garraio publikora, motorretara, bizilagunetara eta baimendutako ibilgailuetara. Bide horretara aldatu dira, halaber, orain arte San Nikolas elizaren parean zeuden billabesen geltokiak.

Garraio publikoaren erabiltzaileei gogorarazi nahi diegu larunbatetik aurrera bertan behera geratuko direla iparraldeko galtzadako bi geralekuak, orain hegoaldeko galtzadara pasatu direnak. Hegoaldeko bide horretan, bide zorua indartu da hiri garraioko bi geralekuetan, karga berriek galtzadan eragin baitezakete. Espaloian aurrerapenak ere jarri dira, erabiltzaileak billabesetara errazago sartzeko, eta galtzada asfaltatu da.

Sarasate pasealekua oinezkoentzat bihurtze horrek beste jarduketa batzuk ere badakartza berekin, hala nola motorren aparkalekuak, erreserbatuak eta mugikortasun urriko pertsonentzako plazak aldatzea; semaforoak ezeztatzea; Alde Zaharrerako sarbideak kontrolatzeko kamerak aldatzea edo bizikleten aparkalekua San Inazio kalera eramatea. Gainera, iparraldeko galtzadako zaborrontzi guztiak, orain oinezkoentzat izango direnak, hegoaldeko galtzadara eramango dituzte.

Sarasate pasealekuaren inguruko kaleei ere eragiten diete aldaketek. Garcia Castañon, Trinidad Fernandez Arenas, Alhondiga eta Vinculo kaleek nagusiki oinezkoen lehentasuna izango dute. Hemendik aurrera, Gazteluko plazako lurpeko aparkalekutik San Inazio kaletik ateratzen diren ibilgailuek bide horretatik jarraitu beharko dute Nafarroako Gorteekiko bidegurutzeraino. Lehen, ibilgailu horiek Trinidad Fernandez eta Garcia Castañonetik igarotzen ziren. Sarasate pasealekua larunbatean irekiko dute, baina datorren aste osoan zehar zenbait lan egiten jarraituko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!