Iruñeko haur-eskola publikoetako behin-behineko izen-ematea maiatzaren 25ean hasiko da

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 14a, 18:30

Printzearen Harresi, Donibane, Izartegi eta Goiz Eder haur eskoletan izanen da euskarazko eskaintza.

Maiatzaren 18tik aurrera aurretiazko hitzordua eskatu beharko da 948 420 098 telefonoan edo webgunean, eta maiatzaren 25etik aurrera izen-emate telematikoa egin ahal izanen da.

Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren Gobernu Batzordeak gaur goizean ezagutu du Nafarroako Gobernuak bidali duen egutegi-proposamena 2020-2021eko ikasturterako 0 eta 3 urte bitarteko zikloko izen-emate eta matrikulei begira. Proposamen horrek maiatzaren 25a finkatu du haur-eskoletako behin-behineko izen-emateei berriz ekiteko, martxoaren erdialdean alarma-egoera dekretatzearen ondorioz prozedura atzeratu ostean.

Iruñeko haur-eskola publikoetako behin-behineko izen-ematea aurten, salbuespenez, aurrez hitzordua hartuta eginen da, joan den martxoan erabakitakoari jarraituz. Maiatzaren 18tik aurrera hasiko dira aurretiazko hitzordua ematen 948 420 098 telefono zenbakian edo www.pamplona.es udal-webgunean, izapideak eta aurretiazko hitzordua atalean horretarako gaituko den gunean. Deitzen dutenei egun bat eta ordu bat esleituko zaizkie, maiatzaren 25etik aurrera eskabidea eta beharrezkoa den dokumentazioa Zapateria 40ko udal-bulegoetan aurkez ditzaten. Udalak eta Haur Eskolek behar diren segurtasun- eta higiene-neurriak hartuko dituzte bulego horietan, behin-behineko izen-emate hori zuzen egin dadin, covid-19a kutsatzeko arrisku oro saihestuta. Halaber, eta berritasun modura, aurten telematikoki egin ahal izan da behin-behineko izen-ematea, maiatzaren 25etik aurrera. Horretarako behar den informazioa haur-eskolen webgunean eskura daiteke (https://www.pamplona.es/escuelasinfantiles/)

Proposatutako egutegiak haur-eskoletako izen-emate eta matrikulaziorako aldi horretako beste data batzuk ere jasotzen ditu. Uztailaren 1ean eskola bakoitzean onartuak izan diren haurren behin-behineko zerrenda argitaratuko litzateke. Egun horretatik uztailaren 6ra bitarte erreklamazioak egiteko epea zabalduko litzateke. Uztailaren 17an onartutakoen behin betiko zerrendak emanen lirateke argitara. Matrikula uztailaren 17tik 24ra bitarte eginen litzateke. Aurreikuspenaren arabera abuztuaren 17an emanen litzaioke hasiera ikasturteari.

Iruñean Udalaren titulartasuneko hamaika haur-eskola daude (Mendebaldea, Haurtzaro, Mendillorri, Fuerte el Príncipe – Printzearen Harresi, Donibane, Izartegi, Goiz Eder, José María Huarte, Hello Buztintxuri, Hello Azpilagaña eta Hello Egunsenti) eta Nafarroako Gobernuaren eskumeneko beste bost (Santa Teresa, San Jorge, Nuestra Señora de los Ángeles, Ninia Etxea eta Nuestra Señora de Roncesvalles).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!