Artea, sukaldaritza, yoga, magia, zineforuma, bisita birtuala… Civivox sareak astean zehar, astelehenetik ostiralera, hainbat online jarduera proposatzen jarraitzen du, prestakuntza, kultura eta entretenimendua eskaintzen jarraitzeko. Jarduerak www.pamplonaescultura.es/Actidades-civivox webgunean daude eskuragarri.
Ohiko kolaboratzaileek egindako ekoizpen propioko programazioa da, online egin ahal izateko publiko mota ezberdinei zuzendutako jarduerekin.
Gaurko bi ekitaldi aurreikusi dituzte. Etxean baratze ekologiko bat sortzeko tailer bat egin ahal izango da. Oscar Ibañezek lanean hasteko aholkuak emango ditu eta etxean baratze txiki bat sortzeko ezinbestekoak diren elementuak zerrendatuko ditu. Bakea ziurgabetasunean berreskuratzea hitzaldia ere izango da entzungai, Naiara Lopez de Mendigurenen eskutik, eta egungo egoeraren baldintzapenak eta ondorioak azpimarratuko ditu.
Bihar, arterako eta magiarako denbora izango da, familiarako ikastaro batekin. Fermin Alvira artistak Arte garaikidea hurbiletik ikastaroa eskainiko du, joan den astean hasitako ildoari jarraituz, musikari buruzko hitzaldi batekin. Aisialdia eta entretenimendua ere hurbildu nahi ditu civivoxek eta horretarako Marcos Magoaren emanaldia izango da ikusgai, Gaur magia ikasiko dugu izenburupean.
Yoga euskaraz, Txari Eletarekin
Osteguna ariketa eta meditazio pixka batekin abiatuko da, Yoga, zentrua eta bizkarra euskarazko ikastaroarekin, Txari Eletak egingo duen saioaren bitartez. Horrez gain, Orreagatik ibilbide birtual bat ere izango da, zenbait leku interesgarri batzuk ezagutzeko. Ana Ulargui historialariak gidatuko du bisita.
Ostiralean zinearekin eta bi tailerrekin amaituko da astea. 18:00etan, aurreko astean bezala, zineforum saio bat izango da Iñaki Arrubla kritikariarekin. La la land. La ciudad de las estrellas filma eskainiko da; 6 Oscar sari eta 7 Urrezko Globo irabazi zituen 2016. urtean. Helduentzako arte eta diseinu tailerra ere antolatu dute, Koadernaketa japoniarra izenburupean. Azkenik, Lego tailerra izango da familia osoarentzat, Discoverbricks-eko Mikel Gomezen eskutik. Lego, etxetik atera gabe da saioaren izena.