Padre Menniko enpresa batzordeak hitzarmenaren negoziazioan "xantaia" egitea egotzi dio zuzendaritzari

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 8a, 12:01

Iruñeko Padre Menni klinikako enpresa batzordeak hitzarmen kolektibo berri baten negoziazioan "gezurra esatea, xantaia egitea eta informazioa manipulatzea" leporatu dio enpresako zuzendaritzari.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek langileen ordezkariek ohar batean azaldu dutenez, zuzendaritzak jakinarazi die eskaintzen dietena sinatzen dutela, "edo ez dagoela besterik", maiatzaren 4ra arteko epea jarriz proposamena onartzeko eta bestela "negoziazioa apurtzeko mehatxua" eginez.

Enpresaren proposamena honakoa izango litzateke: "Finkatu gabeko KPIen %1,9, soldata taula hobetu gabe eta lanaldiaren proportzioan; eta 2020rako %2". "Planteatutako gainerako gaiei dagokienez —lanaldi murrizketak, hobekuntza sozialak, eszedentziak—, enpresak ez du ezer eskaintzen, bi urtez eskaini duen gauza bera bakarrik mantenduz", kritikatu du. Enpresa batzordeak baztertu egin du proposamena, eta zuzendaritzak "bi urte akordioetara iristeko borondaterik gabe" daramatzala salatu du.

Egungo egoerari dagokionez, batzordearen arabera, joan den martxoaren 14tik, "lankide asko 12 orduz ari dira lanean, txandak aldatzen, funtzioak aldatzen eta enpresak eskatu duen guztia aldatzen. Bertan behera geratu dira egoiliarrei zaintza eta segurtasunik onena eskaintzeko aurreikusitako aldarrikapen eta jarduerak. Horrela, jarrera konprometitua agertu da osasunaren deontologiarekin, bokazioaren alderditik eta ospital balioen integraziotik harago".

Egoera horretan, kritikatu du enpresako zuzendaritzak ez dituela lan baldintzak hobetu nahi izan bi urteren ostean, ez duela Nafarroako Gobernuak bermatutakoa ordaindu nahi izan, eta ez duela langileekiko estimu profesionalik..

Langile batzordeak jakinarazi duenez, "beharrezkoak diren neurri guztiak eta ekintza sindikalak" hartuko ditu Iruñeko Padre Menni klinikako langileek euren lan baldintzak eta soldatak hobetzeko. Lehen ekintza "Nafarroako Gobernuari azken egunotan gertatutakoaren berri ematea" izan da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!