Udalak 5,1 milioi euro bideratuko ditu krisiari aurre egiteko neurrietara

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 7a, 12:17

Enrique Maia, prentsaurreko bat ematen, artxiboko argazki batean.

Planak enplegu, gizarte eta mugikortasun arloko neurriak jasotzen ditu.

Enrique Maia Iruñeko alkateak hiriak koronabirusaren krisiari aurre egiteko lehen neurri plana iragarri du, 5,1 milioi eurokoa, eta hura aurrera ateratzeko adostasun politikoa “ezinbestekoa” izango dela adierazi du. Plana osoko bilkurara eramango da, eta aurrera egiten badu, ordenantzak egingo dira.

5 milioi euroko gastuari aurre egiteko, 2020ko udal aurrekontuko partida bakoitza berrikustea erabaki du udalak, gastua murrizteko, 2,1 milioi eurotan. Bestalde, gastu orokorretarako diruzaintzako soberakinen zati bat ere erabiliko dute —hortik bi milioi euro lortuko dira—; bai eta 2019ko superabitaren zati bat (0,8 milioi euro), eta Nafarroako Gobernuak larrialdietarako laguntzetarako aurreikusi dezakeen ekarpena (0,2 milioi euro) ere.

Jarduera eremuak

Planean jasotako 5,1 milioi euroetatik 2 gizarte zerbitzuetara bideratuko dituzte. Batetik, larrialdietarako laguntzak zabalduko dituzte. familiei diru laguntzak jasotzeko aukera emanez ostatu, hornidura, elikadura eta higiene gastuei aurre egiteko. Bestetik, elikadurarekin lotutako zerbitzuak indartuko dituzte, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuaren erabiltzaileen tasak murriztuko dituzte, eta bazterketa handiko pertsonei arreta emango diete. Kirolen arloan, lehentasunezkotzat jotzen da kirol klubei laguntzea, diru laguntza bidez, testuinguru berrira errazago egokitu daitezen.

Beste 2,5 milioi eurorekin jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzen lagunduko dute. Saltokiei eta lokalei diru laguntzak emango zaizkie babes ekipamenduak eskuratzeko eta arau berrietara egokitzeko; ETEen digitalizazioa sustatzeko prestakuntza bideratuko dute, online presentzia areagotzeko eta hobetzeko; ekintzaileentzako diru laguntzen deialdia indartuko dute; merkataritza, ostalaritza eta turismo sektoreak digitalizatzen lagunduko dute; eta tokiko merkataritzaren aldeko sentsibilizazio ekintzak egingo dituzte.

Neurri nagusia da 2,3 milioi euroko diru laguntzen deialdiak egitea saltoki eta ostalaritzako lokaletarako eta zerbitzu seguruetarako diru laguntzetarako. Jarduera ildo hori abian jartzeko, udalak laguntza deialdi berri bat bultzatuko du, kontuan hartuta inbertsioak beharrezkoak izango direla negozio askotan, une honetan mugan daudenak itxita egon behar izan dutelako.

Gainera, 500.000 euro mugikortasuneko jarduketa ildo berrietarako bideratuko dituzte, lau neurri nagusirekin: oinezkoentzako eta bizikletarentzako espazioak irabaztea, osasun krisian behar den distantzia fisikoa errazteko; aldi baterako bidegorriak eta ardatz berriak sustatzea; bizikletentzako aparkaleku seguruak; eta oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna sustatzeko kanpaina.

Astelehenean, hilak 11, gune urdina itzuliko da

Plan horren arabera, aparkaldi mugatuko zerbitzua edo gune urdina berreskuratuko da astelehenetik aurrera; halaber, terrazak edukieraren %50ean irekiko dira eta, maiatzaren 17an, Landabengo azoka berria irekiko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!