Udalaren eta gobernuaren inplikazioa eskatu du HE Gurasoak, euskarazko haur eskoletarako irtenbideak bilatzeko

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 5a, 18:36

Aurre-matrikulazioa, argitaratutako inkesta soziolinguistiko berria eta pandemiak sortutako egoera dela eta, euskarazko egungo plazen kopuruari eustea beharrezkoa dela uste du haur eskolen guraso taldeak.

Iruñeko Udalak egindako planaren ondorioz, datozen hiru urteetan nabarmen murriztuko dira haur eskoletako euskarazko plazak. HE Gurasoak talde politiko guztiekin bilerak eskatu diru, bai Iruñeko Udalean eta Nafarroako Gobernuan, bai hezkuntza eta gizarte zerbitzuekin ere, aldaketa hori aldatzeko edo benetako eskaerari konponbide egokia emateko helburuarekin.

HE Gurasoak euskarazko plazak hurrengo hiru urteetan %14raino murriztuko direla kritikatu du. Horren ondorioz, “72 bularreko haurrek ezingo dute aurten sistema publikoan plazarik lortu”. Kolektiboaren esanetan, “murrizketa hori hizkuntza-eskubideen eta herritarren sentimenduen aurka doa. Udalak antolatutako inkestan bertan ere, galdetutako familiek hizkuntza-aukerak gehitzea eskatzen dute, eta %36k interesa dute seme-alabek euskara ikas dezaten”.

Talde politikoekin egindako bileretan, guraso elkarte honek bere kezkaren berri eman eta konponbideak bilatzeko eskatu du. “Iruñeko Udala 2020-2021 ikasturterako euskarazko plazen egungo eskaintza mantentzearen alde ez badago, Nafarroako Gobernuari plaza horiek ziurtatzeko eta kaltetutako familiei alternatibak eskaintzeko erantzukizuna dagokio”.

Horregatik guztiagatik, “Dauden plazen kopuruari eusteko konponbideak bilatzea eskatzen dugu: Nafarroako Gobernuko haur-eskolen eskaintza aldatzea, erabiltzen ez diren ikastetxeak gaitzea, haur-eskola pribatuetan plazak diruz laguntzea, kooperatibak sortzeko lokalak uztea,…”.

“Ez ditugu erantzun anbiguoak onartzen, epeen zailtasunetara jotzea edo arazo teknikoetan oinarritzea. Pandemiaren ondorioz aldaketa teknikoak eta epe-aldaketak nola gertatu diren ikusi da. Beraz, orain, Udalak eskatutako inkestako datuak kontuan hartuta, uste dugu posible dela plaza kopurua aldatzea, bertan adierazitako eskariari egokituz edo egungoari eutsiz, borondate politiko kontua da”. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari eskatzen diete “gure azalean jartzea eta premiazko irtenbideak bila ditzatela”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!