Lau kutxa jarri dituzte Santa Ana plazako zuhaitzetan, txoriei aterpe emateko

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 5a, 12:12

Modu horretan, Piparrika hiri baratzeko kideek han geratzeko aukera eman nahi diete moztutako zuhaitzetako edota botatako hormetako zuloak galtzen dituzten txoriei.

Otsaila bukaeran, lau kutxa jarri zituzten Santa Ana plazan, habi gisara erabiliak izateko, Piparrika hiri baratzera joaten diren txoriei aterpe emateko. "Horrela, pixkanaka zuloak galtzen ari diren txoriek —moztutako zuhaitzetakoak edota botatako hormaetakoak— gure artean jarraitzeko aukera izango dute", azaldu dute.

Txoriak erakartzeko, eta kutxa horietan habiak egin eta horietan egonkortu daitezen, gantz bola batzuk jarri zituzten, janariarekin batera. Hori neguan egin ohi da batez ere, elikagaia hain ugaria ez denean, eta, hala, hegaztiak jatera joaten dira, eta kumeak hazteko lekurik baduten ikusten dute.

Azaldu dutenez, kutxa horien instalazioa ez da ekimen isolatua izan, “auzoan bizi diren hegaztiak ezagutu eta hobe zaintzeko emandako lehendabiziko urratsa” baizik. “Lau kutxetan sartzen diren espezieen jarraipena egin daiteke, gure hiriaren bihotzean ikus ditzakegun hegaztiei buruzko hitzaldiak, haurrek euren habiak edo balkoietarako janlekuak sortzeko tailerrak…”.

Azken asteetan ezin izan dituzte habiak bisitatu eta txoririk joan den ikusi, baina jarri eta hurrengo egunetan hainbat txori ikusi zituzten: usoak, txolarreak, belatxikia, mikak, abarzozoak, txantxangorriak, txio arruntak, buztanikara zuriak, kaskabeltzak, amilotxak… 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!