Sanferminak bertan behera uztea erabaki du udalak

Euskalerria Irratia 2020ko api. 21a, 12:16

Udalak ez du baztertu beste data batean egitea, baina "zaila" izango dela esan du. Azpimarratu du une honetan lehentasuna osasun eta ekonomia larrialdia dela.

Ana Elizalde Iruñeko jardinero alkateak iragarri du aurtengo sanferminak bertan behera geratu direla, koronabirusak sortutako egoera dela eta. “Oso tristea izan da”, aitortu du Elizaldek Internet bidez egindako agerraldian. "Uztailaren 6rako bi hilabete eta erdi falta diren arren agerikoa da gure jaiak eta koronabirusa bateraezinak direla”. Krisi kabinete batek hartu du erabakia.

Bestalde, jakinarazi du aurtengo aurrekontuetan sanferminetara bideratuta zegoen kopuruaren zati handi bat erabiliko dutela osasun krisiaren ondorioak arintzeko. Azaldu duenez, hiriko hainbat eragilerekin partekatu dute erabakia, eta "ulertu egin dute". 

Oraindik ez dute erabaki jaiak atzeratuko ote dituzten: “Ezjakintasun egoera batean gaude, eta hemendik bost hilabetetara zer gertatuko den esatea ez litzateke arduratsua”. Hala ere, onartu du “konplexua” dirudiela aurten ospatu ahal izateak.

Komunikazio kanpaina

Udalak komunikazio kanpaina bat prestatu du, jaiei “omenaldi txiki bat” eginteko, eta mezu hau helarazteko: “Guztia igarotakoan, ahal denean, sanferminak biziko ditugu”. Hala, bideo bat zabaldu du, Ahal dugunean… #sanferminak #bizikoditugu goiburuarekin. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!