Udaltzaingoak Iruñeko Kale Nagusiko etxebizitza bloke bateko bost familia etxetik atera zituen atzo. Etxebizitzako sei etebizitzetatik bost okupatuta zituzten, eta, haiek esandakoaren arabera, duela bi hilabetetik zeuden han. Etxegabetzea eguerdiko 12:00ak aldera hasi zen, eta arratsaldeko 17:00ak ingurura arte luzatu zen. Denbora horretan, etxean bizitzen ari zirenek euren gauzak jaso ahal izan zituzten.
Eraikina okupatzen zuten pertsonek ziurtatu zuten duela astebete inguru polizia han izan zela, identifikatu egin zituela, eta alarma egoera amaitu arte han gera zitezkeela esan ziela. Atzo, ordea, polizia itzuli egin zen, eraikina husteko.
Navarra Sumak udalaren ohar batean adierazi duenez, okupazioa aste honetako astelehen gauean egin zuten; eraikinean zeuden pertsonek, ordea, ia bi hilabete zeramatzatela esan zuten.
Espainiako Gobernuak onartu zuen errege dekretuak etxegabetzeak geldiarazten ditu alarma egoera amaitu eta sei hilabetera arte. Hipotekak Kaltetutakoen Plataformatik salatu dute, okupazio data edozein dela ere, pertsona bat etxebizitza batetik ateratzea etxegabetze bat dela, eta kritikatu dute etxegabetzea espediente administratibo baten edo espediente judizial baten tramitaziorik gabe gertatu dela, errege dekretuari kasurik egin gabe.
Mikel Buil Ahal Dugu-k parlamentuan duen bozeramaileak ere etxegabetzea kritikatu du: "lotsagarritzat" hartu du, eta erabakia "erabat gaitzesten" duela adierazi du.