NH Iruña Park hoteleko 160 logela prest, etxeko ospitalizazioa behar duten gaixoentzat

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 30a, 10:52

Neurri horri esker, ospitaleetan lekua libratu ahal izango dute. Euren etxeetan isolamenduan jarraitzeko baldintzak betetzen ez dituzten pertsonentzat ere zabalik egongo da.

Iruñeko NH Iruña Park hoteleko hamar solairuetatik zortzi egokitzeko lanean ari da Osasun Saila, etxean ospitaleratuta dauden eta koronabirusa duten gaixoentzat. Gaurtik aurrera erabilgarri egongo den baliabide berri horri esker, 160 plaza gehiago izango ditu ospitaleratze mota horrek.

Osasun Sailak martxan jarri du hotel horren sanitarizazioa, eta bertan ospitale batean eskaintzen diren zainketa berberak eskainiko dira, baliabideak optimizatuz eta ospitaleetan espazioak askatuz. Gaurtik hasita, ia hogei profesional sanitariok artatuko dituzte gaixoak, mediku batek, erizain batek eta osasun arloko beste batek (gaixoari buruzko informazioa jasotzeaz arduratuko dena) osatutako taldeetan; egunero bisitak egingo dizkiete hotelean dauden pertsonei. Horrez gain, gauetan mediku batek eta bi erizainek artatuko dituzte sor daitezkeen gorabeherak.

Gaur egun ospitalean dauden eta tratamendua etxean jarrai dezaketen baina isolamendua mantentzeko beharrezko baldintzak betetzen ez dituzten pazienteentzat ere eskuragarri egongo da baliabide hori. Ildo horretatik, Osasun Sailak eskerrak eman nahi izan dizkio azken egunetan hoteleko espazioak xede horretarako egokitzeko lanean aritu den suhiltzaile boluntarioen taldeari.

Osatze azkarragoa eta arrisku txikiagoa

Etxeko ospitalizazioa asistentzia-eredu bat da, pazienteei ospitale bateko zainketa medikoak eta erizaintzakoak emateko gai dena, ospitale azpiegiturarik behar ez duten unean, baina oraindik zaintza mediko aktiboa eta laguntza konplexua behar dutenean.

Ohiko ospitalizazioari dagokionez, abantaila ugari ditu; izan ere, ingurune ezagun eta erosoago batean egiten da, senideekin batera, ospitalean hartutako infekzioak saihesten ditu, pazienteak gutxiago orientatzen dira eta lehengoratzea azkarragoa da. Gainera, ospitaleratzeko modu horri esker, osasun-baliabideak hobeto erabil daitezke, eta lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko lanbide-taldeen arteko koordinazioa hobetzen da.

50 arreta postu berri larrialdietan

Gainera, Nafarroako Osasun Sistemaren egokitzapeneta berrantolaketa prozesu etengabearen barruan, Nafarroako Ospitalgunean, Nafarroako Gurutze Gorriarekin lankidetzan, Larrialdietako eraikineko sotoa egokitu duela iragarri du Osasun Sailak, larrialdietara joaten diren pazienteen kopuruak gora egingo duelakoan. Zehazki, arnas patologia arina duten pazienteentzako arreta-zirkuitu bat antolatu da, 50 pertsona inguru artatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!