Iruñeko sarrera eta irteera nagusietako trafikoa %70 murriztu da lanegunetan, eta %80 asteburuetan

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 27a, 11:09
Zaragoza etorbidea.

Zaragoza, Gipuzkoa eta Nafarroa Behereko etorbideetan hartu dituzte datuak, eta konparazioa egiteko, bi alditan erregistratu dituzte: otsailaren 22tik 25era eta martxoaren 21etik 24ra

Alarma egoera ezarri zutenetik, eta ondorioz, mugikortasuna mugatu zutenetik, Iruñeko sarrera-irteeretako trafikoa nabarmen jaitsi da Zaragoza, Gipuzkoa eta Nafarroa Behereko etorbideeta, Iruñeko Udalak jakitera eman duenez. Hirian ezarritako neurgailuen erregistroen arabera, zirkulazioaren intentsitatea %70 inguru jaitsi da lanegunetan eta %80 inguru asteburuetan.

Alderaketa otsailaren 22tik 25era eta martxoaren 21etik 24ra bitartean neurtutako datuekin egin da, hau da, larunbat, igande, astelehen eta astearteetan neurtutako datuekin, azken bi egun horiek lanaste osoan izan litekeenera estrapolatuz. Datuak Zaragoza etorbidean, Azpilagañako errondaren parean; Gipuzkoa etorbidean, Buztintxuri auzoaren parean; eta Nafarroa Beherearen etorbidean, Olite kalearen parean dauden neurgailuetatik hartu dituzte.

Zaragoza etorbideko sarbideak ia %80 murriztu dira. Astegunetan, batez beste, 6.849 ibilgailu izatetik 1.847 izatera pasatu dira, %73 inguru gutxiago. Joera hori areagotu egin da asteburuan, eta zirkulazioaren intentsitatea %80tik gora jaitsi da. Larunbatetan ibilgailuen zirkulazioa %83 jaitsi da (5.299tik 876ra) eta igandeetan %87 (4.304tik 547ra). Gauza bera gertatzen da hiriko irteeretan ere. Zaragoza etorbideko irteeran 1.952 ibilgailu ibiltzen dira orain lanegunetan, duela hilabete baino 8.021 gutxiago, hau da, %76 gutxiago. Larunbatetan trafikoa %85 jaitsi da (egunean 6.368 ibilgailutik 915 ibilgailura) eta igandean, are gehiago, %89 (4.639 ibilgailutik 499 ibilgailura).

Gipuzkoako etorbidean, Buztintxuri auzoaren parean, trafikoa %70 inguru murriztu da hiriaren sarreran. Lanegunetan, ibilgailuen igarotzea %60 inguru murriztu da, 3.858 ibilgailutik 1.566ra; larunbatean, ehuneko hori  %74ra igo da (3.831tik 977ra), eta igandean, are gehiago, %87ra (4.304tik 547ra).

Nafarroa Behereko etorbidean hiritik irteteko noranzkoan egindako neurketek zirkulazioaren beherakada bortitza mantentzen dute, eta jaitsiera hori areagotu egiten da asteburuan. Martxoko lanegunetan 4.668 ibilgailu ibili dira egunero, duela hilabete baino %69 gutxiago. Larunbatean 12.829 ibilgailu izatetik 2.664 izatera igaro dira, %80 gutxiago, eta igandean 10.706 izatetik 2.006 izatera, %82 gutxiago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!